Matrimonioa

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2005ko urr. 6a, 13:10

Tabernan topo egin, eta honelaxe esan ziguten: “Ezkontzera goaz”. Segidan, kartazal bat luzatu ziguten, nire eta lagunaren izenarekin gainean. Barruan, poesia eder bat, ezkontzarako gonbidapena luzatuz.

 

Hiru segundoz, hunkitu egin nintzen. Pozik sentitu nintzen, zoro.

 

Hiru aste barru, lehenengo aldiz gure herri honen historian, bi emakume elkarrekin ezkonduko dira. “Matrimonioan” elkartuko dira. Askori, hainbeste min ematen dion hitz potoloak elkartuko ditu. Berriro diot: “Matrimonioa.”

 

Lesbianak dira. Elkar maite dute eta lege berria aprobetxatuz, ezkondu egingo dira. Ametsa gauzatuko dute. PP-koak, ez dira lege berriaren aurrean isilik geratu, ez noski. Legea onartzerako, bagenekien zein izango zen beren hurrengo pausoa, baina bitartean, ezkon bitez horretarako gogoa daukaten gay eta lesbiana guztiak!

 

Tradizio sendo, astun eta erlijioz betetako gure Azpeitiarentzat, eta azpeitiarrentzat, aurrerapauso handia dela deritzot. Gutxi batzuk, behinik behin, ikusezin izatetik, “matrimonio” izatera pasatuko dira. Zer esana jarriko du, eta esango da. Denetik komentatuko da ezkontza hau dela eta ez dela. Baina argi dagoena zera da: errealitate bat dela, askoren errealitatea. 

 

Beste kontu bat izango da, ezkontza beraren inguruko eztabaida. Beharrezkoa al da? Ez al da? Zertarako ezkondu?… Baina eskubidea, ezin diezaiokegu inori ukatu. Hetero eta homoen artean, ez dagoelako inongo alderik, desberdintasunik, elizak, besterik esango badu ere.

 

Ez da Azpeitian ezkonduko den lehenengo bikote homosexuala, eta ez ote dira ezta ere azkenak izango! Oraingoan ordea, emakumeak dira, eta datu hori, esanguratsua da. Gayen mundura ohituagoak gaude, gehiago ezagutzen ditugula dirudi. Armairua, emakumeak baino irekiagoa dute. Emakumeen presentzia, orokorrean beti izan baldin bada ahulagoa, berdina gertatzen da homosexualen munduan ere. Nola esan… Gay izatea modan balego bezala, eta lesbiana izatea aldiz, guztiz kontrakoa.

 

Bueno, ba hori. Esanak esan, maite dutelako eta batez ere,-eta azkenean-, ahal izango dutelako, ezkondu egingo dira.

 

Ausardiagatik, libre bizitzeagatik, elkar maitatzeagatik… Zorionak bikote!!!