‘Bizkarsoro’, euskararen zapalkuntza kontatzen duen filma

Ostiral honetan estreinatuko dute filma, eta Azpeitian igandean izango da emanaldia, 19:30ean, Soreasun. Zaparraieren ustez, euskaldunok kontzientzia handiagoa izan behar dugu gertatu eta gertatzen denaz.

Euskara berreskuratzeko lanetan gabiltza euskaltzaleok, eta bide horretan garrantzitsua da jakitea euskararen galera, funtsean, arrazoi ideologiko jakin batzuengatik gertatu izan dela: errepresioa, zigorrak, azpiratzea… egon izan dira (eta segitzen dute), eta hori kontatzen du Bizkarsoro filmak. Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatuta dago, eta euskaldunek jasandako errepresioa du hizpide. Bost istorio erreal bildu dituzte pelikulan, ahozko bost lekukotza, bost hamarkadatako kontakizuna harilkatuz: 1914tik 1982ra artekoa. Euskal Herriko edozein udalerritakoa izan zitekeen istorioa azaltzen du.

Bizkarsoro iazko Donostiako Zinemaldian eman zuten, irailean, eta zinema aretoetan ostiral honetan izango da estreinaldia. Euskal Herriko zazpi herrialdeetan emango dute datozen asteetan. Azpeitian igandean ikusi ahal izango da: Soreasu antzokian, 19:30etik aurrera. Sarrerak 5 euro balio du (Baigera-ko kideak, 2 euro; Kultur Bonua hartua duenak, doan).

Zaparraie Azpeitiko euskara taldeak duela pare bat hilabete Kulturaz kooperatibari proposatu zion programatu zezala Bizkarsoro —eskerrik asko!—. Izan ere, Zaparreieren helburua, euskararen erabilera sustatzeaz gain, herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragitea da, eta, horri begira, pelikula aproposa da Bizkarsoro, euskaldunok kontzientzia handiagoa izan behar dugulako gertatu eta gertatzen denaz. "Zapalkuntza baten historia da euskaldunona, eta kontatu behar da", esan du filmaren zuzendari Josu Martinezek.

XXI. mendean ere segitu dute zapalkuntzak, zigorrek, gutxitzeak… Hor ditugu Egunkaria-ren itxiera, epaileen ebazpenak euskararen normalizazioaren kontra, Beskoitzeko (Lapurdi) Udalaren erabakia herrian ikastola desagertzeko asmoz, Nafarroa osoan eta Ipar Euskal Herrian euskara oraindik ez da ofiziala… Martinezek esan izan du euskararen berreskurapenean "inportantea" dela "jendeari bihotzera mintzatzea", eta euskararena ez dela "heriotza naturala, baizik eta heriotza programatu bat".

Merezi du ikustea Bizkarsoro. Zatoz Soreasura igandean.

Pelikularen emanaldiaz gain, solasaldia izango da Katti Pochelu ekoizlearekin.