Anestesia taldeak Sanagustin kulturgunea bete zuen larunbatean

Sarrerak hilabete batzuk lehenago agortuta ziren kontzerturako. Aretoa bete zuten Anestesiakoek, eta Frakture taldea izan zuten oholtza lagun gau honetan. Kontzertuez gain, izan dira beste hainbat hitzordu kultural ere. Horien artean, erakusketak, pintura leihaketa, zeramika tailerra eta Mikel Bermejoren bakarrizketa.

Ostiralean jarri zen ikusgai Irin errotak, makina harrigarriak erakusketa Urola Biziriken eskutik, Sanagustin kulturgunean. Hau, maiatzaren 13ra arte egongo da bertan. Erakusketa honez gain, igandean izan zen Pello Ulaziaren Kartoia, papera, guraizeak obra ikusteko azken aukera, DOI erakusketa programaren baitan. 

Zeramika tailerrari ere eman zitzaion hasiera maiatzaren 3an. Dozena bat lagun elkartu dira ikastarorako, eta hilaren 25a bitarte jardungo dute lanean, ostiral eta larunbatetan, Jonathan Escapa eta Maialen Zabalzak gidatutako saioetan, Dinamoa sormen gunean. 

Larunbat gaueko hitzordua berriz jendetsua izan zen. Salgai jarri eta hilabeteren bueltan saldu ziren Anestesiaren kontzerturako eskuragarri jarri ziren sarrera guztiak. Frakture taldea izan zen beraiekin oholtza gainean. Giroa bero zela, tximak astinduz eta dantzarako gogoz igaro zuten gaua bertaratu zirenek. 

Igandeari III. Pintura lehiaketarekin eman zitzaion hasiera. Adi Arte eta Diseinu eskolak antolatutako leihaketan heldu zein gazteak izan ziren ekimeneko protagonista. Eguerdi partean, Soreasu antzokian Azpeitiko Udal Musika Bandak eskaini zuen Udaberriko kontzertua, doinu alaiak oholtzaratuz bertan. Arratsaldeko azken orduan, espazio berdinean izan zen azken hitzordua, Mikel Bermejoren Tiquismiquis bakarrizketarekin. 

Hitzordu hauetako zenbait argazki ikusgai daude kulturazartxibategidigitala.eus helbidean.