2023, parte hartzea indartzeko eta formaziorako zein sentsibilizaziorako bideak lantzeko urtea

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko urt. 9a, 09:07

Kultur eskaintza zabala eta anitza eskaintzen jarraituz, parte hartzaile kopuruak gora egitea lortu du Kulturaz kooperatibak bukatu berri den urtean. Formaziorako eta sentsibilizaziorako bide berriak ere landu ditu, eta hainbat bidelagunen bultzadari esker, urte ona izan da.

Kultur ekitaldien eta dinamiken eskaintza kopurua mantenduz, parte hartzaile kopurua igotzeko apustua egin da, eta helburu hori betetzeko gai izan gara 2023an. Guztira 214 ekitaldi kudeatu ditugu eta 48.528 ikus-entzulek hartu dute parte horietan.

Horrez gain, sormena eta transmisioa lantzeko hamazazpi proiektu ditugu martxan; APOA Askoren Poesia Ahotsak eta Antzerki Sormen Laborategia martxan jarri diren berrien artean, eta Hitzaren Eskola eta Grafiaz Betea daude errepikatzen direnen artean, besteak beste. Hamabost sormen egonaldi burutu dira Dinamoa sormen guneko eta Soreasuko espazioetan, eta egonaldiak gauzatu dituzten taldeek zein norbanakoek, lanak gurean ontzeaz gain, jende aurrean erakusteko aukera izan dute. Guztira 4.556 erabiltzaile igaro dira Dinamoko espazioetatik; horrela, orotara 53.000 erabiltzailera igo da Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetatik igaro eta ekitaldietan parte hartu dutenen kopurua.

Hezkuntza formalean ere txertatuak ditugu mediazio eta sentsibilizazio proiektuak. Horrela, ikastetxeetako haurrak zein gazteak kultur sormenera gerturatzeko bidea zabaldu dugu.

Ekitaldiak antolatu diren espazioei erreparatuz gero, 105 izan dira Sanagustin kulturgunean egin direnak, 89 Soreasu antzokian ikusi ahal izan ditugunak, bederatzi Dinamoa somen gunean jendaurrera begira eskainitakoak, eta 11 ekitaldi kalea hartu dutenak. Ekitaldi guzti horietatik 51tan sarrera ordaindu behar izan da, eta 163 doan izan dira.

Agertokira igo diren sortzaileetatik 195 Euskal Herrikoak izan dira, eta horietatik 96 herrikoak edo eskualdekoak. Ekitaldien %16 soilik izan dira euskaraz ez den beste hizkuntza batean.

Agertokira igo diren pertsonen %54 emakumezkoak izan dira, eta %46 gizonezkoak. Kopuru hori mantendu egin da 2022tik 2023ra.

Urtero lez, diziplina desberdinetako ekitaldiak izan ditugu gurean: 69 izan dira soinuaren arloari lotutakoak, 52 gorputzaren inguruan antolatutakoak, 47 hitza ardatz izan dutenak, eta 32 irudia landu dutenak.

Beste urte batez, adiministrazioekin, kultur eta gizarte eragileekin elkarlana sustatu da. Ekitaldien sustatzaileen datuei begira jartzen bagara, 44 ekitaldi izan dira Kulturaz kooperatibak antolatutakoak, 71 herriko kultur komunitateak Kulturazek kudeatzen dituen espazioetan antolatutakoak, eta 99 bestelako eragileek programatutakoak.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera edo bestera urtean zehar gurekin bat egin duzuen guztioi, zuekin da posible bide hau. 2024. urtea ere egitarau oparoarekin dator eta guk gogotsu ekingo diogu urteari!