'Umorea oso kontu serioa da' jardunaldiak, hastear

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko ira. 21a, 14:24

Umoreaz hausnartzeko tartea izango da Sanagustin kulturgunean, datorren astean zehar. Irailaren 24an, 25ean eta 26an Umorea oso kontu serioa da jardunaldiak iritsiko dira Sanagustinera. Antton Olariagaren eta Kike Amonarrizen hitzaldiarekin hasiko da hiru egun iraungo duen jardunaldia. Hilaren 25ean Esklabo alaiak nobela grafiko politikoa aurkeztuko du Asisko Urmenetak eta hilaren 26an Idoia Torregarai umorezale eta umoregileak umoreaz eginiko hausnarketei buruzko bakarrizketa saioa eskainiko du. Herriko irudigileen erakusketa ere izango da. 

Umoreari buruzko tesia egin duen Uxoa Anduaga soziologoaren hitzetan, "umorea mediazio politikoa da". Bestela bezala, berez sortzen dela uste dugu akaso, baina ez da hala, ezta gutxiago ere. "Umorea, huts-hutsean, soziala da, ikasi eta erreproduzitu egiten den zerbait, etengabe eraikitzen ari dena, berezko edo natural izatetik urruti dagoena eta gizartean eragiteko gaitasuna duena". Uxoa Anduagak garbi dauka, eta guk ere bai: umorea oso kontu serioa da. Eta jakin egin nahi dugu: zeri egiten diogu barre euskaldunok?

Azken aldian egon da gogoetarik gai honen inguruan. Horien haria jarraitzeko beste aletxoa jartzera dator Umorea oso kontu serioa da. Hala nahi luke.

Ezpainetan irribarre batekin egin nahi genuke hala ere umorearen gaineko hausnarketa, eta zer hobe horretan ari diren protagonistekin irail hondarreko arratsalde jada iluntzen hasiak pasatzea baino? 19:00etatik aurrera Sanagustin kulturgunean. Mundua txistea bada, egin dezagun barre gutxienez.

Irailak 24, astelehena: Antton Olariaga eta Kike Amonarrizen solasaldia.

Antton Olariaga Aranburu (Usurbil, Gipuzkoa, 1946) komikigilea da. Egin egunkariarekin batera jaio, eta Euskaldunon Egunkaria eta egun Berria egunkarian hazi eta heldutako Zakilixut pertsonaiarekin 40 urtetik gora daramatza. Zazpiak Batman kolektiboko kidea, Kike eta Asiskorekin batera.

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) euskal filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Euskal Telebistan Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Beni ta Marini, Balinda, Bai zera, Txiskola Sikofonia, Tribuaren Berbak, Mihiluze eta Burubero saioen aurkezlea izan da.

Irailak 25, asteartea: Eusklabo alaiak liburu grafiko politikoaren aurkezpena, Asisko Urmenetarekin.

Asisko Urmeneta (Iruñea, Nafarroa, 1965) komikigilea, ilustratzailea eta marrazkilaria da. Korrok eta Napartheid fanzineen sortzailea, Argia, Xabiroi eta H28 aldizkariko kolaboratzaile eta Zazpiak Batman kolektiboko kidea. 2011n Gartxot, konkista aitzineko konkista filma zuzendu zuen. Iaz argitaratu zuen Eusklabo Alaiak eleberri grafikoa.

Irailak 26, asteazkena: Egin dezagun umorea Idoia Torregarairen bakarrizketa saioa.

Idoia Torregarai Martija (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) formazioz kazetaria eta gidoilaria, egun komunikazio arduraduna da, eta 2012an Barretartia umore bloga ireki zuen.

Azpeitiko irudigileen tirak

Jardunaldiez gain, gaiarekin lotutako erakusketa jarriko du Kulturaz kooperatibak Azpeitiko Uztarria aldizkarian irudigile ibili diren Andoni Salegi Otsobeltzen, Enok Suduperen eta Jon Berdejoren lanekin, astelehenetik urriaren 9a arte.