Apirileko mutxikoak, Sanagustingo erretaularen begiradapean

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko api. 8a, 19:24

Hileko bigarren igandeetan egin ohi duten gisan, gaur ere dantza jauziak egitera animatu dira hainbat herritar. Eguraldi kaxkarra zegoela eta, Sanagustin kulturgunean egin dituzte Mutxikoak, 12:00etan hasita. Gaurko hitzorduak, baina, irudi bitxia eta polita utzi du. Izan ere, Aste Santuko oporraldian herrira turistak etortzen direla eta, Sanagustin kulturguneko erretaula begien bistan jarri zuten joan zen astean, eta gaur haren aurrean egin dituzte mutxikoak. Ez da ohikoa eliza bateko erretaula bat eta dantzara animatutako lagunak leku berean elkartzea. 

Azpeitiko Kultur Mahaiak duela lau urte ekin zion dantza jauzien proiektuari, Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberriko Dantza Eskolak, eta Sanagustin kulturgunearekin elkarlanean. Egitasmoaren helburua da Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantza jauziak zabaltzea eta herritarrengana gerturatzea.