Agortu dira 2017ko kultur bonoak

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2017ko urt. 18a, 11:41
Aurtengo kultur bonoaren aurkezpeneko argazkia.

Bost urtetan harrera ona izan du kultur bonoak, baina aurtengoan bezain beste inoiz ez. Eskariak ikusita, aurreikusitakoak baino gehiago atera behar izan ditu Kulturaz kooperatibak, eta hala ere, inoiz baino azkarrago agortu dira. Horietatik %58 deskontuaren abantailarekin eskuratutakoak izan dira.

Iazko abenduan jarri zituzten 2017rako kultur bonoak salgai Kulturaz kooperatibak eta Udalak, eta dagoeneko guztiak agortu dira. Hasiera batean, 160 bono saldu zituzten, eta azkar gastatu zirenez, beste 10-15 salgai jartzea erabaki zuten, baina horiek ere agortu dira dagoeneko

Kulturaz kooperatibako kideek esan dutenez, "kulturari balioa emateagatik" ateratzen dute Kultur Bonoa. Oraingoan, baina, balioa ikus-entzuleek eman diotela azpimarratu dute: "Inoizko gehien atera ditugu eta agortu egin dira. Inoiz baino azkarrago, gainera. Beraz, eskerrik asko. Gure aldetik saiatuko gara, hau ere esan genuen, ahalik eta eskaintzarik erakargarriena osatzen, euskarazko lanak lehenetsiz eta publikoa orokortasunean kontuan izanda".

Hauek dira kultur bonoarekin lortutako abantailak:

  • 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
  • Antzerki edo dantzako ikuskizunak %50eko deskontuarekin.
  • Jaialdi eta Topaketak %50eko deskontuarekin.
  • Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

Hauek, momentuz, 2017an datozen ekitaldiak, kultur bonoa erabiltzeko:

  • Jainko Basatia (antzerkia, Soreasu Antzokia): Urtarrilak 27.
  • Los Chichos (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Urtarrilak 28.
  • Oskarbi (kontzertua, Soreasu Antzokia). Otsailak 4.
  • Hesian+Guda dantza (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Otsailak 11.
  • Malmö (antzerkia, Soreasu Antzokia). Otsailak 17.
  • Fuel Fandango+DJ Chelis (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Otsailak 18
  • Idiot, Txou! (antzerkia, Soreasu Antzokia). Martxoak 31.
  • Zea Mays + Kokein (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Apirilak 1.
  • Gatibu (kontzertua, Sanagustin kulturgunea). Maiatzak 23.