Kulturaz bustitako asteburua dator

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2016ko abe. 6a, 12:19
Revolutionary Brothers. (reggaeboa.com)

Olatz Zugastiren disko berriaren aurkezpena, Shine Again ikuskizuna, Reggae Gaua eta Izaro eta Eraul taldeen kontzertuak izango dira asteburuan Sanagustinen zein Soreasun. Horrez gain, zine emanaldirik ere ez da faltako.

Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia kulturaz beteko dira datorren asteburuan. Izan ere, kultur egitarau oparoa antolatu du Kulturaz Kooperatibak abenduaren 9tik abenduaren 11ra bitarterako.

Ostiralean, hilaren 9an, Olatz Zugasti musikariak Ur goiena, ur barrena diskoa aurkeztuko du Soreasu antzokian, 22:00etan hasita. Sarrerak salgai daude 15 eurotan kulturaz.eus webgunean. Zapatuan, berriz, antzerkia izango da protagonista Soreasun, eta antzokiko oholtzara igoko dira Azkoitiko eta Azpeitiko dozenaka gazte, eurek sortutako antzerki musikala eskaintzera. 17:00etan hasiko da ikuskizuna, eta sarrera 5 euro ordaindu beharko da. Horiek ere eskuragarri daude kulturaz.eus-en

Sanagustin kulturgunea, aldiz, musikak hartuko du asteburuan. Izan ere, zapatuan, abenduaren 10ean, Reggae Gaua izango da bigarren urtez jarraian, 23:00etan hasita. Revolutionary Brothers, Kilimanharo eta Gettho Fyha Soldiers taldeak igoko dira Sanagustingo oholtzara. 

Igande arratsalderako beste bi kontzertu antolatu ditu Kulturaz Kooperatibak Katapulta Tour egitasmoarekin bat eginda, eta sortzaile berriei bultzada emateko helburuarekin. Hala, 19:00etan hasita, Izaro eta Eraul taldeen kontzertuak izango dira Sanagustinen, doan.

Zine eskaintza

Kultur ekimenez gain, astero bezala zine eskaintzarik ez da faltako Soreasu antzokian. Datorren asteburuan Igelak eta Trolls filmak izango dira ikusgai, zapatutik astelehenera arte. Zapatuan 22:00etan eskainiko dute Igelak. igandean, berriz, 16:30ean gaztetxoentzat Trolls pelikula eskainiko dute, eta 19:30ean Igelak. Astelehenean, ikusleen egunean, Igelak eskainiko dute berriro, 21:30ean.