Katapulta Tourrean parte hartuko du Sanagustin kooperatibak, kontzertu eta antzerki emanaldiekin hasita

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2016ko eka. 14a, 19:39

Ostiral honetan Frank+Sky Beats taldeen kontzertua egongo da Arkupean oholtzan, eta igandean Pez Limbo eta Cia la que tu me haces antzerki taldeak izango ditugu, artista berriei bide eman nahi dien Katapulta Tour egitasmoaren baitan.

Katapulta Tour 20/000 ekimenaren bitartez, artista gazteei aukera eman nahi zaie Gipuzkoan 2016. urtean zehar martxan egongo den formatu txikiko musika emanaldietako eta arte eszenikoetako zirkuitu batean parte hartzeko. Helburua da lurraldean barrena egingo den zirkuitu batean parte hartu dezaketen artista gipuzkoarren mapa bat egitea, artista horien garapen profesionala bultzatzeko, lurraldeko kultur agertokia dinamizatzeko eta kultur programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera emateko.

Kultura Departamentuko Gazteria Zuzendaritzaren Gaztemaniak, Kutxa Kultur Musika eta Jazzaldiko programak elkartuz egin da musika taldeen hautaketa.

Hautatutako artistek hiru emanaldi egingo dituzte urtean zehar Gipuzkoako udalerri ezberdinetan, eta ordaindu egingo zaie. Horrez gain, sustapen-bideo bat egingo zaie. Era berean, hautatutako talde bakoitzak aukera izango du hasierako talde gisa jotzeko musika talde profesional batekin, Gaztemaniak zirkuituaren barruan.

Katapulta Tour 20/000 barruan bi zirkuitu antolatu dira:

  • Gaztemaniak programako musika zirkuitu profesionala, non musika talde profesionalek 12 kontzertu emango dituzten hautatutako talde gonbidatuekin.
  • Zirkuitu "erdiprofesionala" bi modalitatetan: musika eta arte eszenikoak, artistak nahastuz joango direlarik.

Sanagustin kulturgunean

Ostiralean (ekainak 17) eta igandean (ekainak 19) izango ditugu Sanagustinen Katapultako saioak. Lehendabiziko egunean Frank eta Sky Beats talde donostiarren kontzertuak izango ditugu, 23:30ean hasita. Igandean, berriz, bi antzerki laburrez gozatzeko aukera izango dugu, Pez Limbo eta Cia la que tu me haces taldeen eskutik. Doaneko ikuskizunak izango dira.

Urtea amaitu aurretik, Katapulta egitasmoko kontzertu eta antzerki gehiago izango ditugu. Eta aurrera begira, Sanagustin kooperatibaren bitartez, herriko musikari eta arte eszenikoetako sortzaileei Tourrean parte hartzeko aukera ematea dugu helburu.