Eskaladako eta euskarazko film onenak ikusiko ditugu Mendi Tour Jaialdiko lehenengo saioan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2016ko mai. 24a, 12:34

Gaur izango da mendiari eta eskaladari buruz egiten diren filma ikusgarriak biltzen dituen jaialdiaren lehen emanaldia. A line across the sky, Urzulo eta Eclipse ikusiko ditugu, 21:00etatik aurrera Soreasu Antzokian.

Aurtengo MendiTour jaialdiak abentura, mendia, natura, eskalada, euskara eta kultura uztartzen ditu. Lagun Onak MB Azpeitia, Sokaitz Eskalada taldea, Sanagustin kulturgunea, Udala eta Paradisu Zinema Zineklubak bat eginda ibili gara antolatzen. Uste dugu filma interesgarriak eta kalitatezkoak aukeratu ditugula zuentzat, zine ona, mendiak eta haitzak gustoko dituzuenontzat.

Hauek gaur ikusiko ditugun filmak:

- Eskaladako film onenaren saria irabazi duen A LINE ACROSS THE SKY (2015, AEB, 40 min)
Zuzendaritza: Josh Lowell
Produkzioa: Sender Film
V.O: eng, Subt: eus.
Fitz Roy-ren zeharbidea bilatuenetarikoa da gaur egungo alpinismoan: zazpi gailur eta 4.000 metroko eskalada bertikala dituen bidaia korapilatsua. Nork imajinatu zezakeen hain dibertigarria izan zitekeela? Elkartu zaitez Tommy Caldwell eta Alex Honnold-ekin Urrezko Pioleta irabaztera eraman zituen bidaia interesgarri - eta batzuetan barregarri- honetan.

- Euskarazko film onenaren saria irabazi duen URZULO (2015, Espainia, 35 min)
Zuzendaritza: Xanti Ugarte
Produkzioa: Aloña Mendi Espeleologia Taldea
V.O: eus.
Aloña Mendi Espeleologia Taldeak, ura traba zela, bukatutzat emandako kobazuloak berriz esploratuko ditu. Horien artean, Urzulok eman zuen ustekaberik handiena. Sifoi txiki bat zeharkatu ondoren, kobak aurrera egiten du eta esplorazioaren erronkari aurre egin behar diote espeleologoek. Lorpen eta porroten istorioa.

- ECLIPSE (2015, Kanada, 31 min)
Zuzendaritza: Anthony Bonello
Produkzioa: SwitchbackEntertainmentInc
Switchbackentertainment
V.O: eng, Subt: eus.
Negu gorriko bidaia Svalbard-era, Zirkulu Polar Artikoaren gainetik dagoen uhartedira, eskiatzaile baten argazkia ateratzeko eguzki eklipse baten aurrean. Salomonen eskiatzaile taldeak −besteak beste, Cody Townsend, Chris Rubens eta Brody Leven− Reuben Krabbe argazkilariarekin bidaiatzen du. Abenturak bazter izoztuetara eramango ditu, klimatologiari, aldaketa klimatikoari eta euren anbizioei aurre ematen dioten bitartean, bizitzan behin egin daitekeen argazkia lortzeko.

Sarrerak: Orokorra 5 euro / bi egunetarako bonoa 8 euro. Salgai daude Sanagustin kulturgunean eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean.