Jon Abril zuzendaria izango da gaur Soreasun, 'Neskatoak' dokumentala aurkezten

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2016ko mai. 19a, 19:21
None

Jon Abril Olaetxea beratarrak zuzendutako Neskatoak dokumentalak 1940 eta 1970 urteen artean Ipar Euskal Herrira eta Frantziako beste hainbat tokitara lanera joandako emakumeen bizipenak jaso ditu. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia atzean utzi, eta bizimodu hobe baten bila joan ziren. Batez ere, etxe onetan 'interna' moduan eta hotel eta jatetxeetan zerbitzari eta sukaldari lanetan aritu ziren. Baldintza gogorretan aritu behar izan zuten emakume hauek, 12 eta 14 orduko lan-jardunetan; kontraturik eta paperik gabe anitzetan; eta pasaporterik gabe, muga gordeka pasatu behar izan zuten askok.

Baztan-Bidasoako 15 emakumeren bizipenak biltzen ditu dokumentalak, 70 minututan. Euskaraz sortua da.

Dokumentalak Donostia 2016ko Energia Olatuak programaren babesa jaso du, eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ere lagundu du.

Udaleko Parekidetasun sailak, Emakumeen Txokoak, Paradisu Zinema Zineklubak eta Sanagustin kulturguneak antolatuta gaur, osteguna, 21:00etan hasita ikusgai izango da Soreasu antzokian. Jon Abril zuzendaria bertan izango da, lana aurkezten.