'Hazparneko anderea' gaur, Soreasun

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2015ko mar. 20a, 14:13
'Hazparneko anderea' antzezlanaren kartela.

Senpereko Iduzkilore antzerki amateurreko taldeak landutako obra, Telesforo Monzonek 1966an idatza eta Ander Lipusek zuzendua,  21:30ean taularatu dute.

Telesforo Monzonen Hazparneko anderea antzerki lanak, XX. mendeko euskaldunen historia kontatzen du, Amerikar exodoa eta Euskal Herrira berriz itzultzea dirua egin ondoren, gai ezberdinak ukituz: nahia eta itxurakeria nagusiki, maitasuna, tradizioa... era umoretsuan antzeztuz. Ander Lipusek egin ditu zuzendari lanak.

Senpereko Iduzkilore antzerki amateurreko taldeak landutako obra da Hazparneko anderea antzerki ikuskizuna. Telesforo Monzonek 1966an idatzitako lan bat da eta Ander Lipusen zuzendaritzapean taularatu dute. Handinahikeria kontuak kontatzen dituzte, euskaldunen erara: "Ameriketatik diruarekin etorritako jende horrek zuen handinahikeria, euskararekiko mespretxua", zioen Lipusek behin Berria egunkariak antzerki lan honi eginiko erreportajean.

Arrakasta iparraldean

"Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan emanaldiz emanaldi arrakastatsu gertatzen ari da 16 lagunen artean egiten dugun (11 antzezle, zuzenean ari diren 3 musikari eta teknikalariak) ikusgarri hau", diote Iduzkilorekoek eta ikustera joateko gonbidapena egiten digute: "Irri egitea maite baduzu zatoz gu ikustera! Mementu goxo bat pasatuko duzu".

Martxoko antzerki eskaintza da gaur Soreasu Antzokian ikusiko duguna. Sarrerak Sanagustin kulturgunean, webgune honetan eta Soreasu Antzokiko leihatilan izango dituzue eskuragarri.

Apirilean Arren ganbara eta emeen sotoa izango dugu, hilaren 24an, Soreasu Antzokian.