Kulturaz gozatzeko, 2015eko Kultur Bonoa eskuragarri

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko abe. 18a, 13:40

Abantailak eskaintzen dituen bonoa aterako du Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, berriro, Udalaren laguntzarekin. Gaurtik eskuratzeko moduan Sanagustin kulturgunean. Ohi bezala, salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da.

Azken hiru urteetan landutako kultur eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartean. Ikuskizunetan aniztasunari eutsiz jarraituko dugu guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuz, barietatea eta orekak kontuan izanda, orain artean bezala. Herritarrek osatutako lantalde batzuk ditugu haien laguntzaz egitaraua osatzeko (eskerrik asko parte hartzaileei!) eta, bestela ere, badaude internetez bidaltzeko iradokizun atalak eta beste bide batzuk zuk ere gauzak proposatu nahi badituzu.

Esan bezala orain arteko ildotik jarraitu nahi dugu, ikus-entzuleekin pentsatuz. Aurten, 2014an, 30.000 ikus-entzuletara iristeko puntuan egongo gara. Eta asko da; ikaragarri!

Bonoaren helburuak

Proiektu hau, bat eginez Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen asmoekin, kultur mugimendua indartzeko d, herri kontsumoa bultzatuz. Bonoak baditu helburuak, gure ustetan garrantzitsuak direnak herriarentzat, urterokoak:

- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.
- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.
- Herritarrek bonoaren bitartez abantaila ekonomikoak izatea.

Horiek dira txartel txiki honek biltzen dituen helburuak eta horiek lortzeko bidelagun daukagu udala, elkarlana baita garrantzitsua horrelako proiektuetan, indar metakea. Eskertzen diogu gai honetan alboan izatea.

Bonoaren ezaugarriak

2015eko kultur bonoak ezaugarria hauek izango ditu:

- Urteko bonoa izango da, alegia, 2015ekoa.
- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.
- Urteko prezioa 60 eurokoa da (iazko bonoaren berezko balioa 185 bat eurokoa izan zen).
- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 30 eurotan eskuratu ahal izango dute.
- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.
- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da.
- Oharra: Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira doaneko ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Baina bestelakoetan ez da erreserbarik egingo eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, bere deskontuarekin.

Ezaugarri hauen laburpena jasoko dute erostaileek txartelarekin batera eta guk datuak jasoko ditugu horretarako.

Eskaintza

Hauetxek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:

- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.
- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.
- Jaialdi eta Topaketak (Aitzealdenk!, Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.
- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

Kontuan izateko

Berriro aipatu nahi dugu salduko den bono kopurua mugatua izango dela. Eskaerak izan ditugulako dagoeneko, diogu.