Debora Herrero: "Lehen irrati bitartez zarzuela etxeko sukalde guztietara ailegatzen zen; jendeak guk uste baino obra gehiago ezagutzen ditu"

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko abe. 4a, 16:32
Lazkaoko Kantaka Abesbatzako zuzendaria da Herrero eta larunbat honetan Soreasu Antzokian Gran Noche de Zarzuela ikuskizuna eskainiko dute (22:00etan). Guztira 18 obrak osatzen dute saritua izan den ikuskizun hau. Herriko gaztetxo batzuk ere hartuko dute parte. 

Lazkaotik datozkigu Zarzuelak, Kantaka Abesbatzaren eskutik. Zer dela-eta sortu zenuten ikuskizun hau?

Egia da jende askok abesbatza mundua elizako testuinguruarekin lotzen duela, eta orokorrean kontzertu gehienak bertan eskaintzen dira. Gure taldean beti egon da "betikoaz" desmarkatzeko eta ikuskizun desberdinak aurkezteko nahia eta desira. 
 
Errioxara egindako bidaia batetatik gentozela erdi txantxetan zarzuela egitea okurritu zitzaigun. Hasieran erokeria izan zitekeela iruditu zitzaigun, baina zergatik ez? Inguruan egiten ziren zarzuela ikuskizunak aztertu genituen, eta egia da jendeak beti ongi erantzuten duela, ez dezagun ahaztu, garai batean irratiaren bitartez zarzuela sukalde eta etxe guztietara ailegatzen zela. Jendeak zarzuelako obra asko ezagutzen ditu, guk uste baino gehiago.
 
Zer aurkituko du ikus-entzuleak?
Zerbait desberdina egitea pentsatu genuen. Zarzuela antologia, hau da, zarzuela ponpoxo edo kuttunenetariko kanten bilduma, denera 18 numero musikal. Esaterako: La del soto del parral, La verbena de la paloma, Don Gil de Alcalá, La Gran Vía, Luisa Fernanda, El caserio, La tabernera del puerto, La rosa del azafrán, Gigantes y Cabezudos, Don Manolito...
 
Oholtza gainean 35 artista arituko dira kantuan, 6 arropa aldaketa eta beste 6 dekoratu aldaketekin.Gainera sortzen den musika guztia zuzenekoa da, eta bi aurkezle (aktoresa komiko) izango ditugu, beraiekin festa garantizatuta dago. Bakarlari lanetan donostiatik etorritako Ainhoa Merzero (sopranoa), Iñigo Vilas (Tenorea) eta Javier Alberdi (baritonoa), Kantaka abesbatzako bakarlariak Mª Asun Ruiz, Pedro Jaka eta ikuskizunaren zuzendaria, ni neu, Débora Herrero (sopranoa) arituko gara.
 
Kritika onak jasotako lana da zuena, ezta?
2010ean estreinatu genuen gure ikuskizuna eta urte berean Diario Vasco Digitalaren saria jaso genuen, kalitate, ekimen eta kulturaren alde egindako apustuarengatik. Ondoren, emanaldi ugari egin ditugu, Lazkaon, Beasainen, Ordizian, Andoainen, Soraluzen, Salas de los Infantes-en (Burgos), Arnedon (Errioxa)... Manolo Cabera kritikari musikalak ere  goraipatu zuen gure ikuskizuna eta bere lumatik etorrita balio handikoa da. Ikuslego pila eta txalo zaparrada jaso dugu orain arte.
 
Aipatu duzu antologia izango dela. Zergatik aukeratu dituzue kanta horiek?
Ikuslegoak barietatea eta akzioa nahi ditu, beraz guk aukeratutako obrak horrelakoak dira, batzuetan bakarlaria dago, beste obra batean abesbatza guztia, numero batzuek koreografia dute, beste batzuek ez, amodiozko duoak... zentzumenerako oso erakargarria da, entzuteaz gain bistak ere gozatzen duelako.
 
Eta herritarren parte-hartzea ere izango duzue, 8 neska-mutil igoko baitira oholtzara zuekin. Zer egingo dute?
Gigantes y cabezudos zarzuelan badago obra bat Coro de niñeras deritzona, eta hor gu neskameak gara eta umeak behar ditugu. Baina beraien papera zein izango den ezin dugu esan; horretarako antzokira joan behar duzue!!! Guztioi etortzeko gonbitea luzatzen dizuegu, ez zarete damutuko!
 
Emanaldia: Gran noche de zarzuela.
Abeslari bakarlariak: Débora Herrero, Ainhoa Merzero, Iñigo Vilas eta Javier Alberdi.
Abesbatza: Kantaka Abesbatza.
Pianojolea: Arantxa Gastesi.
Aurkezleak: Marisol Cavero eta Arrate Leunda. 
Lekua: Soreasu Antzokia.
Sarrerak: aurrez 10€ / egunean 12€. Eskuratzeko hemen eta Sanagustin kulturgunean.