Hizki nagusiz idazteko izena da METALHIKA

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko ots. 24a, 17:59

Zapaturako genituen aurrerapenak ez ziren bete. Hautsi egin ziren. Zentzu guztietan. Hau guztia posible egin dute Xanti Rodriguez, Edorta Azkune, Joseba Azkue eta Iosu Garatek. Eta estimatzen diegu halako lanak hartu izana gogoan izango dugun gau zoragarria eskaintzeagatik. —Argazkia: Borja Eizagirre—

Laburbilduz, ‘ikuskizuna’. Horixe da aukeratu daitekeen hitza zapatuan Metalhika taldeak eman zuen kontzertua deskribatzeko. Emaitza ikusi genuen, baina atzean isileko lan asko dago. Hilabete asko; ia urtebete pasa du laukoteak hau prestatzen. Ohera joateko orduetan ateratzen ziren etxetik, umeak lotaratzean, Zubi-zarreko lokalera joateko eta beso-behatzak astintzeko. Sanagustin da horren testigu. 22:30ean hasten ziren han Blackened, Hit the light eta bestelako kantuak eta goizeko ordu txikiek jotzen zituzten amaitzerako. Izena, irudiak, logoa, zuzenekorako prestaketak... Oso lan ona egin dute eta merezitako erantzuna jaso zuten publikoaren aldetik.

Hasiera
Azpeitian lehen bazen Oker izeneko taberna bat, heavy, rock eta gisa horretako musika egoten zena. Han hasi eta hezitakoak izaki, Metalhikako kideek proposatu zuten DJ Oker izatea eurei lagunduko ziena heavy gauean. Halaxe, Aitor Bereziartua Oker zeneko nagusietako bati komentatu eta atera zen aurrera guztia. Honek eman zion hasiera iluntzeari. Honek girotu zuen apur bat zetorrena. Baina kulturgunea betetzen hasi zen, jendea etortzen eta etortzen. Urduritasuna pizten. Jendea zain. Eta halako batean bideoa hasi zen. Metallicaren kontzertua bailitzan bezala hasi ere,  L’Estasi dell’Oro kantuarekin, haiek egin izan ohi duten moduan. Gutxi gorabehera, horrela —bideo honetan adibidea—.

Eta atera zen laukotea, beltzez, ilun, larruzko praka estu, balaz beteriko gerriko eta guzti. Metallica izatera gerturatzeko. Eta hasi ziren egurrean, bortitz, denbora tarte gutxian errenkadan hainbat kanta joz. Asko aho zabalik geratuko ziren hasiera hura ikustean eta ez zela tributo kontzertu soil bat izango konturatuko ziren. Ondo pasatzeko unea zen. Gozatzeko. Kontzertua maila oso onekoa izango zela ziurtatuta zegoen.

Sorpresa
Eskertzekoa da euren jarrera ere. Kikildu beharrean, erronkari gogor eutsi zieten eta dena eman zuten. Jendea zirikatzen zuten, probokatu eta animoak pizten zituzten. Ondo pasatzen ari ziren eta ikus-entzuleek nabaritu egiten zuten hori. Kutsakorra zen sentimendua. Festa sortu zen.

Esana zuten Metallicaren momenturik onenetako kantuen errepasoa egingo zutela, disko zaharretakoak, eta baladentzako lekurik ez zela egongo. Baina ezustean denak desagertu ziren. Bonbila txiki bat piztu zen eta Iosu Garate agertu zen gitarra akustikoa hartuta. Kanta ezagun batzuen introak jo zituen eta Nothing else matters ezaguna hasi zenean beste bonbila bat piztu zen eta Maite Alberdi agertu zen argi azpian. Bien artean, batek gitarra besteak ahotsa, ukitu berezia eman zioten. Momentu berezia izan zen.

Amaiera
Berriro sartu ziren besteak eta laukotea osatu bezain pronto egurrean hasi ziren. Ikus-entzule txima luzeek buruak astintzen zituzten eta ileak borobilak irudikatzen ikusten ziren. Beste askok behatzak gora altxatzen zituzten heavyen ikur ezaguna irudikatuz. Eta oholtza gainera igo zenik ere izan zen, jendartera jauzi egiteko.

Bis bat ere egin zuten eta azken kantuan oholtza atzeko teloia zabaldu eta erretaulan Metalhika jartzen zuen logoarekin, irudi aparta sortu zuten.

Meritu handiko lana egin zuen laukoteak eta bideo eta argiztapenetan laguntzen izan zuten Karlos Ibarbiak.

Oro har, bikaina izan zen gaua. Hor ez zen amaitu, jakina, DJ Oker-ekin jarraitu baitzuen. Hortik aurrerakoak norberak kontatzeko kontuak dira, ordea.