Saharar herriaren aldeko sentsibilizazio asteko ekitaldiz osatuta dator Sanagustineko agenda

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2014ko urt. 13a, 13:59

Khamar Saharar Herriaren aldeko Azpeitiko Elkartearekin elkarlanean antolatuta, argazki erakusketa, hitzaldia, kusk-kus afaria eta antzerkia ditugu eskaintzeko.

Khamar Saharar Herriaren aldeko Azpeitiko Elkarteak lanean jarraitzen du eta oraingoan ere eskaintza oparoarekin nahi gaituzte herrialde hartara gerturatu eta hango berri eman. Saharar Herriaren aldeko sentsibilizazio astea antolatu dute horretarako, eta hainbat ekimen izango da Sanagustin kulturgunean.

Erakusketa

Gaur, astelehena, Elkarteko kideek Tinduf-eko kanpamendura eginiko bidaien eta egun egiten dituzten proiektuen erakusketa jarriko dugu. "Orain dela 35 urte, Marokok Sahararren lurraldea okupatu zuenetik, 200.000 saharar Argeliako Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizitzera behartuta daude. Errefuxiatuen kanpamendu hau, Saharar desertu gordinean kokaturik dago eta bertan bizirauten duten sahararrek, munduko herrialde ezberdinetatik iristen zaien giza laguntzari eskerrak jarrai dezakete bizirik. Khamar Saharar Herriaren aldeko Azpeitiko Elkarteko kideek bertaraino bidaiatzeko aukera izan genuen, lehen aldiz, 2008an. Bertan ikusitako egoeraz kezkaturik, elkartea eratu eta kooperazio proiektuak garatzen hasi ginen, burubelarri". Urtarrilaren 26a arte egongo da erakusketa.

Hitzaldia

Asteazkenean, 19:00etan, "lurralde okupatutako giza eskubideen alde lanean diharduen gazte ekintzaile saharar" baten hitzaldia izango dugu. Hassanna Aalia da bera. "Mendebaldeko Saharako Gatazka politikora gerturatu eta momentuko egoera aztertuko duen hitzaldia da, giza eskubideetan eta herri baten erresistentzia borrokan interesa duen Azpeitiko zein inguruko herritarrei zuzendua", Khamar Saharar Herriaren aldeko Azpeitiko Elkarteko kideek azaldu dutenez.

"40 urte dirauen gatazka politikoaren nondik norakoak aztertuko ditugu bertan, eta herri honek duen zapalkuntza, errepresioa eta borrokaren irudi zein hitzak presente egongo dira.

Hassanak hiru zatitan banatuta dagoen herri baten errealitatez hitz egingo digu: errefuxiatu kanpamenduetan errefuxiatuta dauden herritarren egoera, sufrimendu zein ametsak; lurralde okupatuetako erresistentziak eta giza eskubideen zapalkuntza deskribatzen duten tortura zein abusuen testigantzak.

Hizlariari,Hassanna Aaliari, pasa den urtean, Marokoko Auzitegi Militarrak biziarteko kartzela zigorra ezarri zion Aaium herrian izan ziren Sahara libre baten aldeko manifestaldietan parte hartzeagatik". Argazki batzuk erakutsiko ditu hitzaldian zehar.

Afaria eta antzerkia

Saharar Herriaren aldeko sentsibilizazio astearekin amaitzeko Saharako jakien afaria (kus-kusa, tea eta bertako postrea) egongo da aurrena eta ondoren Lasarteko Kukuka antzerki eta dantza eskolakoen Sahara isilasunaren ahotsa antzerkia izango dugu.

"Udaro datoz haur sahararrak Euskal Herrira eta askotan hori da guk herri horrekiko dugun erreferentzia bakarrenetakoa; baina, haratago joan nahi izan dugu: zergatik bizi dira sahararrak Aljeriako errefuxiatu kanpamenduetan? Nola bizi dira? Zer amesten dute? Horren guztiaren berri izateko, liburuetara jo dugu, dokumentalak ikusi ditugu, abestiak entzun... baina zuzeneko harremana ere izan dugu.

Gurutze Irizarekin lehenik (Fatimetu) eta gure herrian (Lasarte-Oria) bizi den Ailem-ekin ondoren; eta emakume saharar honekin batera igo gara oholtzara; haren herriaren ahotsa nazioartean ukatua bada ere, ahots hori ozenago entzun dadin ondar aletxo bat eskaintzera gatoz zuen artera. Haren sufrimendua, haren alaitasuna eta haren itxaropena sentitu eta partekatzeko".

Afari eta antzerkirako sarrerak saltzen jarriko ditugu 12 eurotan, gaurtik.