Itziar Elias: "Umeak dira; hori da kontuan izan behar duguna”

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko api. 24a, 15:58

Gaur (asteazkena) arratsaldean hasita, harrera familiak zer diren ezagutzeko ekitaldiak izango ditugu Sanagustin kulturgunean. Batetik, gaztetxoentzako 'Maddi eta Antton' antzerkia egongo da, 17:30ean. Bestetik, eta iluntzean (21:00), 'Gu ere harrera familia' dokumentala helduentzat. Itziar Elias eta Iñigo Aranbarri ZuOndoan proiektuko kide eta antzezleekin egon gara.

ZuOndoan proiektua harrera familien gaia gizarteratzeko antolatutako emaitza da. Ezkutuan dagoena azaleratzeko eta ezezaguna dena ezagutarazteko. Bost lagun dabiltza proiektuarekin lanean, Esther Fernandez, Mikel Yerobi, Maite Elias, Itziar Elias eta Iñigo Aranbarri. Gaur, antzerkia eta dokumentala eskainiko dizkigute kulturgunean harrera familiak zer diren eta nola egiten duten lan azaltzeko. Itziar Elias eta Iñigo Aranbarri prestaketa lanetan dabiltzan bitartean harrapatu ditugu eta galdera batzuk egin dizkiegu.

Lehengo astean eman zenioten hasiera zuzeneko ekitaldiei  —antzerkia eta dokumentala—  eta bi egin dituzue. Zer moduz hasi zarete?
Itziar Elias
: Arrasaten hasi ginen. Lehenengoa atera egin nahi izaten da, egin, eta gogo handia izaten duzu. Esperientzia polita izan zen. Atzo, berriz, Soraluzen izan ginen. 120 ume etorri ziren ikustera, ikastoletatik bideratuta eta kistorena izan zen.

Horrelako ekimenak behar dira gizartean?
I.E.: Ni harrerako ama izanda balore handia du honek niretzat. Barru-barrutik bizi dut. Umeak dira; hori da kontuan izan behar duguna. Guk debalde jaso duguna falta izan zaien umeak. Baina beti irribarrearekin dabiltza; guri falta zaiguna.
Iñigo Aranbarri: Itziarrek esan zidanean zer proiektu egin nahi zuen polita iruditu zitzaidan. Antzerkia egin nahi zuela harrerako umeen inguruan eta parte hartu nahi al nuen galdetu zidanean baietz esan nion. Nik ez dut barrutik bizi izan, eta harrerako etxera joan nahi dut ikustera, bertatik bertara, baina dokumentala ikusi dut eta...
I.E.: Gaur gainera, Azpeitiko eta Eibarko harrera etxeetako umeak datoz ikustera eta errespetua ematen du.

Zer mezu nahi duzue zabaldu eta zergatik haur eta helduei?
I.E.: Gizartean ez dagoen gaia da, tabu bat. Horregatik, ez du balio gurasoei bakarrik azaltzea. Azkenean umeak dira ikastetxeetan beste umeekin erlazionatuko direnak eta naturaltasunez esatera iritsi behar dutenak, adibidez, bi aita eta bi ama dituztela. Gurasoak ere berdin. Lasai esan behar dute harrerako ume bat dutela. Adopzioa denok dakigu zer den eta horretara iritsi behar dugu harrerako familiekin. Azkenean, ez dago diferentzia handirik bien artean: harrerako umeen kasuan bi familiekin mantzentzen dela harremana eta jatorrizkoen nortasuna ere mantentzen dela, abizenak...

Antzerkia zertaz doa?
I.E.:
Maddi harrerako umea da eta Antton harrera familiako anaia. Elkarrekin jolasean dabiltzan bitartean beraien familia nolakoa den azalduko dute eta Maddik prozesua nola izan den azalduko du.

Eta dokumentalean zer ikusiko dugu?
I.E.:
Dokumentalean 9 talde (familia, norbanako, begirale...), 9 harrera familien etxeko sukaldea ezagutuko dugu: nola egin duten, zer izan den beraientzat, gizartetik zer jaso duten.. Familia harrerakoak izaten denbora asko daramatenen bizipenak agertuko dira.