Ruper Ordorikaren kategoria

Goxoa izan zen zapatu iluntzeko giroa, Sanagustin kulturgunean. Kontzertua ederra eta lasaia, bereak ohi diren moduan. Baina detailea bikaina izan zen. Entzuleek kantua eskatu eta Ordorika (Alberto Belokiren argazkia).

Kontzertua 'Hodeien azpian' azken diskoko kantuak joz hasi zuen. Zortzi bat aurkeztu zituen jarraian eta hortik aurrerakoak bere kantarik ezagunenekin nahastu zituen. Bi bis egin zituen eta horietako batean taldekiderik gabe ere abestu zuen. Baina bitxikeria-edo —nolabait esatearren—, azken kantuarekin etorri zen. Izan ere, publikoan zeuden batzuek Berandu dabiltza kantua eskatzen zioten behin eta berriz. Eta Ordorikak eskaerari erantzun egin zion, bildutako 300 bat entzuleren gozamenerako eta kontzertuari bukaera ezin hobeagoa emateko.

Diabulus in musica, kontzertua baino gehiago

Aurreko ostegunean, urtarrilak 10, aldiz, Itzalen sua proiektuaren aurkezpen ekitaldia izan genuen. Arratsaldean hasita, Fernando Morillo eta Xanti Rodriguez disko-liburuaren egileek proiektua aurkeztu zuten eta erakusketa zabaldu. Xabier Euzkitzek ere parte hartu zuen aurkezpenean disko-liburuari ahotsa berak jarri baitzion, liburuko 'Gaueko' pertsonaiari aurpegia jartzeaz gain.

Eta iluntzean, proiektuari musika jarri zion Diabulus in musica taldearen kontzertua izan genuen, azken orduko ezustekoarekin. Zuberoa abeslariak, ahotsik gabe eta sukarrak jota, ezin izan zuen etorri. Horregatik, kontzertuak bi zati izan behar bazituen ere, aurrenekoa bakarrik eskaini zuten taldekideek. Hau da, Itzalen sua proiektuari zegokiona eskaini zuten, beraien azken diskoaren kontzertua bertan behera utzita.

Aurreneko parte horren zuzenekoa berezia eta ikustekoa izan zen, hala ere. Proiektuko irudiak zuzeneko musikarekin koordinazioan nahasten zituzten, kontzertua ikusgarri eginez. Eta kantutik kanturako tarte batzuetan Euzkitzek liburuko pasarteak irakurri zituen. 100 bat lagun izan ziren 'Itzalen sua' proiektua osotasunean zuzenean ikusten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide