'Hijos de las nubes' dokumentala ikusgai, gaur

Erabiltzailearen aurpegia Paradisu Zinema 2013ko ots. 26a, 11:08

T3. Zine Klubak eta Khamar Sahararen Aldeko Taldeak antolatu dute emanaldia elkarlanean, eta 21:30ean izango da, Soreasu antzokian. 

Alvaro Longoria zuzendariak 2012an amaitu zuen dokumental honek Afrika iparraldeko egoera politiko ezegonkorra ondo baino hobeto deskribatzen du. Dokumental onenaren Goya saria irabazi berri duen pelikula honi, Saharar herriak bizi duen bidegabekeria salatzen askotan ikusi dugun aktore espainiarrak, Javier Bardemek, jartzen dio aurpegia.
 
Gaur egun Malin gertatzen ari den guztiarekin, berriro ere argi eta garbi ikusten ari den moduan, Afrikako herrialde asko eta askok bizi duten egoera jasanezina potentzia okzidentalen erresponsabilitatea da. EEBB, Frantzia eta Espainiaren moduko herrialdeek, euren kanpo harremanetarako politika interes ekonomiko hutsaletan oinarritzen dute, balore etiko eta moralak bigarren plano batera baztertuaz.
 
80 minutu irauten duen dokumental honen bitartez, ikusleak erraz eta modu oso pedagogiko batean, berehala ulertuko du zergaitik Saharar herriari Afrikako azken kolonia deitzen zaion eta honek, zer nolako ondorioak eragiten dizkien milaka eta milak sahararrei.

Otsailaren amaieran, munduko 84 estatuk nazio moduan aitortzen duten República Árabe Saharaui Democrática (RASD) eratu zen egunaren urtemuga "ospatzen" dela aitzakitzat hartuz, Ta3. Zine Kluba eta KHAMAR, Saharar Herrairen Aldeko Azpeitiko Elkateen lankidetzari esker, gaur, osteguna, 21:30ean dokumental hau ikusteko aukera bakar eta paregabea izango duzue Soreasu aretoan.