Bihotzeko enkarguak

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko uzt. 23a, 11:17

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Badut lagun bat, bihotzeko lagun bat. Ez da txikitako laguna. Ez gara adin berekoak, ezta herri berekoak ere. Ez dugu lanbide edo lagunik elkarbanatzen, ez dut bere familiako inor ezagutzen, ez dakit bere txikitako pasarterik, ezta bere ametsen kolorea zein den ere. Baina bihotzaren ondoraino iritsi zait ustekabean, eta seko maitemindu naiz harekin.

Egun arrunt batean gertatu zen ustekabea. Ustekabean izan zen, aurretik maite nuen arren. Nire lantoki denaren behealdeko tabernan egiten du lan aldika, eta askotan bezala, kafesnea basoan eskatu nionean gertatu zen, diseinu eta marrazki konturen bat aipatu nuenean, hain zuzen ere.

Nire bihotzeko lagun izango zenari ia-ia salto egin zioten bi begiek! Izan ere, horrelakoa da nire laguna, ttak eta ttak, di-da eta zirt edo zart beste martxarik ez du. Begira-begira geldituta, barran besoak eta eskuak zabal zituela zera esan zidan: "Ai Olaaaaatz!!!! –eta jarraian espainolez– me tienes que hacer un niki! Que pongaaaa... '20 urte hi ta ni' para regalarle a mi pareja!". Hori guztia bere bular aldean nik egindako marrazkia imajinatzen zuen bitartean esan zidan. Bereganatu egin ninduen lagunak; izan ere, kamiseta dela eta ez dela, bere bizitzaren pasarteak bihotz zabalik elkarbanatu zituen nirekin. Amildegira salto egiten duen pertsona ausartaren pare, paregabea da bera!

Segidan, tabernara joaten den lagun bat gerturatu zitzaidan, eta zera esan zidan: "Nik ere nahi dut ba niki bat 'Ba!' jartzen duena!". Eta hark ere 'Ba!' horren istorio xume beizan polita kontatu zidan. Eta jarraian bihotzeko laguna etorri zen berriz ere, eta bere beste lagun batentzat eta berarentzat beste bi kamiseta egiteko eskatu zidan, 50 urte bete dituztelako.

Eta kamisetaz kamiseta, kafenez kafesne, bihotzeko lagunak egin ditut. Bihotzez kontatu dizkidaten istorioekin bihotzez egin dizkiedan kamisetak jantzi dituzte! A zer ohorea nirea.

Aspaldi batean, horrelako enkarguak eginez bizimodua aterako nuelakoan nengoen, ez zaituztet engainatuko. Baina urteen poderioz, badakit bizitzeko modua bera nahiago dudala bizimodua baino! Izan ere, horrelako enkarguek betetzen didate bihotza eta ematen diote zentzua nire sormenari.

Karpeta berria

Bihotzeko Enkarguak da nire ordenagailuko karpeta berriaren izena. Bi klik eginda, zer uste duzue aurki daitekeela barruan?

20 urte hi ta ni, Ba! edo 50 ikusteko jaioak! izena duten lanak, nire bihotz zati txikiak, nire zentzua, nire ohorea, nireak bezain besterenak diren irudiak, neurri-neurrikoak, esker onekoak, eta nolabait, bai beraiek eta bai ni zoriontsu egin gaituzten lanak.

Mila-mila esker, nigan sinesteagatik, bihotza irekitzeagatik eta zuen esker ona adierazteagatik. Eskerrik asko, bihotzez.

Gora sormen librearen zabaltasuna, gora benetakotasuna eta gora bihotzez prestatzen didazuen kafesnea. Urte askotarako!