Nork esan behar zidan niri...

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko mai. 29a, 12:29

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

"Egi berdaderue hau re”, azpeitiarrok esaten dugun bezalaxe. Hogei urtetik gora pasatu ditut EGAko azterketa dela-eta haserre. Badira urte batzuk, ezta? Hala izan dira, bada, izan direnez. Berrogeita gutxi urterekin ikastera itzultzea erabaki nuenean hasi zen nire bizitzaren ez dakit zenbatgarren atala. Hasi, eta bukatu ere, bukatu nuen –inoiz atera ez ditudan emaitzekin, gainera– Donostian 08:00etatik 14:00etara egin nuen goi mailako zikloa. Egundoko esperientzia ederra izan zen adina bikoizten nien gazteekin ikastea eta horiek ikaskide izatea. Eta egundokoa diodanean, egundokoa izan zelako diot.

Bizi esperientzia aberasgarria eta asko kostatutako erabakia izan zen arren, bete-betean asmatu izanaren sentipena eta sinesmena dauzkat. Eta esker ona dut erabakia hartu nuenean nire ondoan eta babesean izan nituenekiko. Izan ere, amok badugu serietik eta ezinbestean daramagun "errudun" markako motxila bat soinean.

Ikasketak amaituta, ordezkapenak egiten nenbilela, Azpeitiko Euskaltegian lan egiten zuen lagun batekin kontuak berritzen ari nintzela, esan banion esan nion hogei urte paseak bazirela EGArekin haserretu nintzenetik. Hark zera esan zidan: "Nola? Ikasketetara itzuli eta EGA atera gabe jarraitzeko asmoa duzula?". Eta nik: "Ba bai –harro samar, baina hitz totelka–". Esan nion azterketa gainditzeko intentzio gutxi nuela. Eta lagunak jarraian: "Baina nola? Egindako ahaleginarekin eta ikasteko ohitura berreskuratuta, mereziko ez du ba EGA ateratzeak! Eta bla, bla bla... Ate asko zabalduko dizkizu... Eta bla, bla, bla... Ikusiko duzu... Bla, bla, bla...". Eta koxk! Ez dakit nola egin zuen, baina gaizki-gaizki ez zuen egingo ni bezelako kaskagogor bat iritziz aldatzeko!

Azkenean, euskaltegira

Eta hara non ikusten dudan nire burua matrikula paperak betetzen Azpeitiko Euskaltegian. Nork esan behar zidan niri! Astean lau egunez eta egunean bi ordu eta erdiz hutsik egin gabe joan nintzen saioetara. Olatz izeneko irakaslea izan genuen taldekideok; azalpenak pasioz eta jakinduriaz emateaz gain, umore fina zuen eta lan eginarazten trebea zen.

Astearteak nituen egunik gogokoenak. Izan ere, asteartero idazlan bat eginarazten zigun irakasleak. Gaia aurrez jarrita egoten bazen ere, edozeri buruz idazteko irrikaz egoten nintzen, ikasle gehienak ez bezala. Testua osatzeko hitz kopurua genuen idatzi hau egiteko bezalaxe, baina ni, beti bezala, neurria hartu ezinik ibiltzen nintzen. A zer lanak ematen nizkion Olatzi, zientoka akats izaten baitziren nire testuetan.

Inperfekzioaren perfekzioan sinesten duen horietako irakaslea da, ordea, Olatz, eta akatsak gorriz fin-fin zuzentzeaz gain, idazteko genuen zaletasuna txalotu eta estimatu egiten zuen. Bihotzez eskertzen diot hori. Izan ere, Azpeitiko Euskaltegian Olatzekin bizitakoak benetan merezi izan zuen, eta ez bereziki EGA gainditu izanagatik, gaztetatik idazteko nuen zaletasuna berreskuratzen lagundu zidalako baizik!

Hala ere, irakurtzen ari zaren idatzi hau zure begietara iritsi aurretik, arren zuzenketak egiteko eskatzen diedan Uztarriako kideei, eskerrik asko. Eta nola ez... eskerrik asko Euskaltegirako bidean jarri ninduen lagunari eta bertan irakasle izan nuen Olatzi, bereziki. Nork esan behar zidan niri!