Adarraren puntan

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2022ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kirmen Uribek dio zuhaitzek eta arrainek elkarren antza dutela, batzuek enborrean eta besteek ezkatetan uztaiak dituztelako. Uztai horien arabera jakin daiteke zein den izakiaren adina. Eguraldi urte ona izanez gero, zuhaitza asko hazten da, eta urte horretako eraztuna lodia izango da. Urtea gogorra denean, aldiz, arrasto mehea osatuko du, kostatutako hazkuntzaren erakusgarri. Orbainezko eleberri autobiografikoa da, ez dena bistaratzen ildokia zerratutakoan baizik.

Harrigarria zait animalien eta pertsonen kasuan zeinen enpatikoak garen jaioberriekiko, katakume edo haur hankagorri. Aldiz, zuhaitzekiko hartu-eman emozionala askoz sakonagoa da sekuoia edo olibondoa zenbat eta zaharragoa izan, bizi izandakoak landareei zilegitasuna emango balie bezala.

Dudan beste zalantzetako bat da zergatik marrazten ditugun zuhaitz genealogikoak azpikoz gora. Ni abiapuntutzat hartu eta adarretan gora aitona-amonen bila, Elkanoren ahaidetzarekin topo egin arte. Horrelakoxea da gure memoria: arbasoak zuztarretan beharrean, hosto ihartutzat errepresentatzen ditugu plastikako koadernoetan.

Duela laurogei amama paleolitoan geunden. Orain, pago lepatuen itxurako familia eredu zabalek adabegirik gabeko pinu luzeei eta iharrei bide eman diete. Uste izateraino saroien bueltan lizarrak eta lur mugetan urkiak ausaz ernatzen direla.

Barne diseinatzaileengatik balitz, sukaldeko mahaiak eta teilatuko kapirioak egurrezkoak lirateke. Inondik ere etorkizuneko eraikuntza materiala, estetikoa bezain organikoa. Autocadeko habeak ez ditu pipiak jotzen, baina hiru txerritxoetatik bigarrenari otsoak putz eginda bota zion egurrezko etxea, eta ez dakit bada...

Aurrezki kutxek ere igarri izango diote oholen arteko errentagarritasuna iraganeko kontua dela. Gernikako arbola bedeinkatua oxigeno faltak gaixotu du. Intsinisari gaitza sartu zaio, eta haritz edo pagoek, berriz, mimo gehiegi behar dituzte egungo bizimodu okupatuentzat. Utzikeriaz, gure asaba zaharren baratzea ohartzerako ari da pasatzen sorotik zelaira, eta zelaitik basora.

Oihanaren izaera publiko-pribatuarena eztabaida eremu lokaztia da. Alkazi esolek jabea dute, baina gibelurdinek ez. Monolaborantzaren aurkako hitzaldiak ugari izan arren, horietatik gutxi abiatzen dira aihotza hartuta, ote sailean arrastoak irekitzera. Ni ez naiz inor zure lurrean zer erein behar duzun esateko, baina landatu ezazu eukaliptoa eta kexatuko naiz.

Zumaiako flyschera egindako eskola irteera batean esan ziguten itsas labarreko geruzak historia liburu bateko orrialdeen modukoak direla, garai bakoitzak bere kapitulua idazten baitu hankapean. Gure belaunaldia uzten ari garen aztarna lodi askoa izango da, fitsik lotsatu gabe zapal-zapal eginda. Matarrasa eta tabula rasa. Flyschak ere arrainen eta zuhaitzen antza duela, alegia.

Kopernikoren eta Galileiren arteko eztabaidak ebidentea dirudi gaurko zientziaren begietara. Heliozentrismoa bezain agerikoak dira ilargiaren zikloak eta ibilerak ere. Baina oraindik, larunbat eguerdiro deitzen du norbaitek Landaberrira, Jakobari galdetuz ea nola den posible ilbehera izatea, bezperan ilargia biribil-biribila ikusi bazuen; noiz amaituko den ilzaharra eta noiz komeni den kiwiak kimatzea. Adostasun maila horrekin ederrak gaude gure mendiak artez janzteko.