Iritzia

Goaz, gabiltza eta gatoz

(Argazkia: Pixabay)

Oier Etxeberriak 2022ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Loteria tokatuko balitzaigu egingo genituzkeen gauzen artean, fantasia berbera gailentzen da gehienetan. Bidaiatzea. Musika gustatzen ote zaigun galdetutakoan beti baietz erantzuten den bezala, denok dugu geure burua abenturazaletzat.

Batzuei gurpil gainean esnatu eta furgonetaren leihotik kresalaren usaina sartzeak ematen die; beste batzuei buffeteko laranja zukua edateak, egunero izara garbiak aldatuko dizkietela jakinda. Bakoitzak bere erara bizi du askatasuna. Beharbada, bidaiatzea dela uste izan arren, oporretan egotea da benetan gustatzen zaiguna.

Hala ere, turistona espezie eskasa da, doan tokira doala, itxurazko lagun interesatu asko eta benetako etsai ugari eragiten ditu. Denoi leku polit eta ospetsu berberak bururatzen zaizkigu, horiek baitira inbidia eragiten dutenak. Gero, elkarren enbarazuan, masifikazioaz eta jendearen emanaz kexatuko gara. Nolakoa ote litzateke argazkirik gabeko ilunabar bat hondartzan? Zentzumenei jaramon gehiago egingo genieke, oroitzapenak ezin balira megabytetan gorde.

Bertakoa axola zaigun plantak egiten ditugu une batez; tipikoa, autoktonoa xurgatu eta beste lore batera salto egiteko. Berdin dio Kathmandura espedizioan joan edo Eiffel dorrea ikusi, jokamolde berbera du giza maletadunak. Horregatik, apopilo goazenean, ez genuke ahaztu behar Kapital publikoari ostutako hau: "Gu ez gauden lekuetan jendea dago, eta gu ez gauden lekuetan ere jendea bizi da".

Distantziak laburtu diren honetan, lehen agentzien zeregina zena orain nork bere gain hartzen du. Aditu bihurtu gara erreserbak egiten eta bileteak erosten. Ibiliak erakusten du, fidagarriena aurrez igarotako norbaiten iritzia dela, zein eraikin bisitatu eta nongo jatetxetara joan erabakitzeko. Ahal bada bost izar. Nola arkumeak hiltegian, hala igarotzen gara aireportuetako perfume eta likore labirintoetatik, eskanerretan barrena. Argi utziz ez daramagula azkazalak ebakitzeko guraizerik, zeinekin hegazkina bahitu genezakeen.

Bidaia bakoitza hiru aldiz gozatzen omen da. Lehendabizi, antolatzen eta prestatzen den bitartean, imajinatuz. Ondoren, bidaia gauzatzen den unean. Eta hirugarrengoz, argazkiei begiratu eta gogoratzen dugunean.

Gutxi batzuen luxua izateaz haratago, bidaiariaren buruhausterik handiena ez da kostu ekonomikoa, ez eta laneko egutegiaren antolaketa ere. Oporretan doanaren zorigaitza etxera itzulitakoan maleta desegin behar izatea da.

Mundua bere buruaren bila dabilen motxiladunez beteta dago. Hemendik kanpo ohikoagoa da ikasketa ibilbidean zehar eten bat egin eta gazteak makutoarekin hor zehar abiatzea. Zenbat eta maleta arinagoa, orduan eta irakaspen sakonagoak ekarri ohi ditu bideak.

Gehienok, kanpora goazenean ere, etxeko gauza berdintsuak egiten ditugu, txankletak jantzita. Araua baieztatzen duen salbuespen gisa, Erasmuseko nire eskuko telefonoaren argazki galeriak salatzen du diskoteka baino eliza gehiago bisitatu izana. Eredu aniztasunaren adibide ezin hobea da 2Biziz proiektua. Bertan, bi gaztek, soinean daramatenarekin Afrika bizikletaz nola zeharkatzen duten kontatzen dute; tartean gobernuz kanpoko erakundeekin elkarlanean jardunda.

Zorionekoak gara mugitu gaitezkeelako, baita mugitu beharrik ez daukagulako ere. Partitzeko tenorea ospatu, bueltatzen garenean itzulera ospatzeko.