Amuarrain Arrantza Txapelketa izango da apirilaren 19an

Erabiltzailearen aurpegia Ollagorra Ehiza eta Arrantza Elkartea 2015ko mar. 24a, 17:32

Txapelketan benjamin, alebin eta infantil mailako gazteek hartu ahal izango dute parte. Izena Larrañaga Kirolaken edo Ollagorra Elkartean bertan (egun eta ordu jakinean) egin beharko da. Izena ematerakoan, nortasun agiriaren kopia, arrantzarako baimena eta gurasoen onarpen orria aurkeztu beharko dira.

Azpeitiko Oilagorra Ehiza eta Arrantza Elkarteak XXIV. Herri Mailako Arrantza Txapelketa antolatu du apirilaren 19rako. Arrantza lehiaketa benjamin (2005-2007 urteen bitartean jaiotakoak), alebin (2003-2004 urteen bitartean jaiotakoak) eta infantil (2000- 2002 urteen bitartean jaiotakoak) mailakoentzako da.

Izena Larrañaga Kirolaken edo, bestela, apirilaren 16an Oilagorra elkartean eman ahalko da, 20:00etatik 21:00etara. Inskribatzerakoan nortasun agiriaren kopia, arrantzarako baimena eta gurasoen onarpen orria aurkeztu beharko dira. Gurasoen onarpen orriak Larrañaga Kirolaken ere egongo dira eskuragarri. 

Txapelketa Urola ibaian egingo dute datorren hilaren 19an. Arrantza saioa 09:30ean hasi eta 11:30ean amaituko da. Dena dela, lehiaketa egunean, arrantzale gazteek 09:00etarako Enparan Dorretxearen aurrera azaldu beharko dute.

Hainbat opari parte-hartzaileentzat

Lehiakide guztien artean hainbat opari banatuko dituzte antolatzaileek, eta arrantzale onenei ere sari ugari emango zaizkie: txapeldun orokorrari eta amuarrain handiena harrapatzen duenari garaikurra emango zaie, eta maila bakoitzeko hiru lehenengoek garaikurra, domina eta oparia jasoko dituzte.