Gatazkak gutxitu

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko abe. 28a, 10:56

Sarritan, ibilbide luzeko bikote batek komunikazio zailtasunak dituztela esan ohi da. Baina zer esan nahi du horrek? Pentsa genezake, behar bada, ez dutela hitz egiten gauza guztiez xehetasun osoz. Edo egunean zehar egin duten guzti-guztia, sentitu duten guztia, pentsatzen duten guztia... ez dutela elkarbanatzen. Baina bikote askok, hori guztia egin gabe ere, komunikazio bikaina izaten dute, ez baitute beharrezko bestearen bizitzako ñabardura guztiak ezagutzea eta nahiago dute misterioari ere lekutxoa egitea. Hortaz, zertaz ari gara?

Askotan, batek esan nahi duena eta besteak ulertzen duena oso desberdinak dira. Hor egoten da koxka eta eztabaidarako bide eman ohi du. Esate baterako, jar dezagun adibide klasiko bezain errealista bat. Bikote heterosexual batean, emakumeak esaten du: 'Ez gara inoiz zinera joaten'. Berez, esan nahi duena da: 'Zurekin zinera joaten naizenean, oso gustura egoten naiz. Aspaldi ez dugu plan hori egin. Faltan botatzen dut. Zer iruditzen zaizu egun hauetako batean joango bagina?'. Gizonezkoak, zer entzun du? Litekeena da honakoa interpretatu izana: 'Senargai txarra zara, ez nauzu kontutan hartzen, ez nago pozik zurekin'. Aldea dago ezta? 

Ika-mikak gatazka bihurtzerako bidea kiribila da, espiral formakoa, alegia. Mehatxuak, purrustadak, kexak... batak bestea elikatzen du eta, azkenean, ez da gai nagusiari buruz eztabaidatzen, eztabaidatzeko moduari buruz baizik. Hori guztia suntsikorra eta antzua da. Ez gaitu inora eramaten. Beraz, neurria hartzeko, hoberena eta burutsuena, gatazka horiek sustraitik moztea da. 

Ondorioak eta kalteak

Garrantzitsuena, ordea, ez da eztabaidan zehar gaizki pasatzea, eztabaidaren ondorioak baizik. Komunikatzeko beldurra da horietako bat. Beste batzuetan, egoera berean liskarra sortu ohi bada, aktibitate edo testuinguru hori ekiditea dakar. Esate baterako, mendira paseatzera joaten garen bakoitzean haserretzen bagara, mendira joateari utziko diogu eta momentu txarrak ez ezik, onak ere galduko ditugu. Eta azkenik, hori guztia baino larriagoa dena, nahiz eta elkar maitatu, ez gara maitatuak sentitzen eta horrek oso zoritxarreko egin ohi gaitu, bikotekidearekin dugun elkarbizitza ezbaian geratuz. Eztabaidak eguneroko bizitzan nabarmenegiak direla ikusten dugunean, zerbait egin beharra dago, bikotea, familia... suntsitu baino lehen. Batzuetan, negoziatu egin behar da. Bestetan eskaerak egin. Askotan botere orekak bilatu. Maiz ohitura berriak hartu... Edozein kasutan, denborak aurrera egiteak, ez du berez laguntzen. Orokorrean, erresuminak elikatu egiten dira eta egindako minak ez badira erreparatzen, errietak ezusteko uneetan eta leku desegokietan sortuko dira, gaizkiegona areagotuz.

Jakin beharrekoa da, egoera horiek badutela irtenbidea eta fase berri eta zoriontsu bat has dezaketela. Askok, ordea, ez dute euren kabuz lortzen, kanpo laguntzarekin baizik. Edozein kasutan, esfortzuak merezi izaten du.

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.