Lagundutako ernalketa

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2014ko abe. 24a, 10:41

Familia osatu nahi eta ezin. Haurrak modu espontaneoan etortzen ez direnean, lagundutako ugalketa metodoetara jotzea nahiko arrunta da egun. Baina bien bitartean, bikote harremanak eta topaketa erotikoak, batez ere, errepikapenaren erosioa sor dezakete, bereziki haurdunaldia gertatu aurreko bidea urteetan luzatzen bada.

Emakumeak 'umetoki lepoko mukia' izenekoa bere baginatik nol ateratzen den ikusi dezake hileko zikloaren erdiko pare bat egunetan. Identifikatzen erraza izan ohi da. Mukitsua, likatsua, gardena edo txuriska. Hatz lodia eta erakuslearen artean pintza modura hartu eta ondoren hatzak banandu ezkero, haritxo baten itxura hartzen du. Egun horietan izaten da obulua ernaltzeko aukera gehien. 

Hori jakinda, edota bestelako metodoak erabilita –egutegiarena, gorputzaren tenperaturarena, elektronikoak...–, haurra izatea nahi duten bikoteek egun horietara mugatzen dituzte sarri jokabide erotiko partekatuak, eta sarketa izaten da helburu nagusia. 

Baina horrela denbora luzean funtzionatu ezkero, harremana errepikakorra, nekagarria, aspergarria, desesperantea edota antihedonikoa suertatu daiteke. Beste bikote batzuk, aldiz, topaketak aurretik izan ohi zituztenak baino maiztasun handiagoz izateak pozez betetzen dituzte.

Helburuaren estresa 

Asko izan dira, ahaleginetan indarrak jarri eta gero –bai sarketa naturala, bai ernaltze artifizialaren metodologiak jarraituz– amore eman eta, helburua bigarren maila batean utzi dutenean, juxtu orduantxe, jarrera berri horrek hartu dituenean, haurdunaldia lortu duten bikoteak. Hortaz, pentsa dezakegu bideaz gozatzea izan daitekeela klaberik garrantzitsuena. Ez legoke soberan, orduan, sarketa ez diren beste hainbat jokabide erotiko praktikatzea; bai bakarkako autoerotismoa, baita jokabide berriak esploratzea ere. Hilekoaren egunak sarketa ez diren plazer mota guztietara irekitzea ideia paregabea izan daiteke. Bestetik, hazia 'frexko' egotearen onurak komentatu izan dituzte lagundutako ernalketaren adituek; hortaz, emakumearen egunik ugalkorrena baino hiru egun lehenago ere, gizonezkoak isurtzeak –sarketan edota masturbazio bitartez– onurak ekar ditzake.

Bikotekidearen zaintza 

Ibilbidea plazertsua izan dadin eta konplizitatea sustatzeko, bikotekideek elkar zaintzea ezinbestekoa dela esan dezakegu. Arreta eskaintzea, masajeak ematea, eta sentipenei buruz hitz egiteko tartea egitea, frustrazioei elkarrekin aurre egin ahal izateko. 

Kasu batzuetan, ibilbidean, bikote harremana korapilatu bada edota topaketa erotikoek nolabaiteko gatazka sortzen badute, laguntza profesionala eskatzea ere ideia ona izan daiteke.

Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.