Azpeitiarron hiztegia, geroz eta mardulagoa

Erabiltzailearen aurpegia Natul Azpeitiko euskara taldea 2017ko urt. 27a, 16:06

Ez da denbora asko igaro Azpeitiarrez natul egitasmoa martxan jarri genuenetik. Joan den hilean hasi ginen azpeitiarron esamoldeak eta hitzak webgunean argitaratzen, eta ordutik astero-astero hamaika hitz jaso ditugu gure e-postan. Ezagutzen ez genituen eta gogoratzen ez genituen hitz asko jaso ditugu, eta horrek erakusten du interesa badagoela herritarren partetik gure hiztegia osatzen jarraitzeko. Eskerrik beroenak orain arte parte hartu duzuen guztioi!

Hiztegia ari da apurka-apurka itxura hartzen, eta era guztietako hitzak ikus ditzakezue bertan. Aste honetan hitz asko jaso ditugunez, batzuk aukeratu ditugu webgunerako, baina datozen asteotan joango gara gainontzekoak sartzen. Hauexek, jaso ditugun hitzetatik deigarriak iruditu zaizkigun batzuk:

- Abitañen karta jokuen ibili: hilda egotea

- Atzeakaie

- Lanixie: harrokeria

- Txermena: madaria

- Puntapaxa: iltzea

Hitz hauek eta gehiago azpeitiarreznatul.weebly.com webgunean irakurri ahal izango dituzue. Beraien esanahiaz gain, hitzekin osatu ditugun esaldiak irakur ditzakezue, non edo nola erabili ohi diren jakin nahi izanez gero.

Datozen asteotan herriko hainbat tabernatan kutxak jarriko ditugu, lagunartean zabiltzatenean hitzak okurrituz gero bertan sar ditzazuen. Bitartean, ez ahaztu webgunetik ere hitzak bidaltzeko aukera dagoela.

Izango duzue gure berri.