Zaindu hortzak

Erabiltzailearen aurpegia Natul Azpeitiko euskara taldea 2016ko api. 21a, 11:12

Azpeitia, 10.000 biztanletik gorako herrietan euskaldunena, euskal soziolinguistikari buruzko mintegi guztietako erreferentzia, hitanoaren gotorleku, transmisioaren berme eta jarrai dezakegu geure buruari dominak jarri eta jarri, ahuspez erori, eta errealitatearen kontra hortzetako bat hartu arte.

Halako zerbait gertatu zaigu Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak herrian antolatutako ikastaroekin. Kulturaren, enpresaren eta aisiaren inguruko eskolak prestatu dituzte, hitzarmen baten ondorioz. Denera, zazpi ikastaro dira, eta horietako bi bukatuta daude dagoeneko. Dena den, urrira arteko eskaintza jarri dute bi erakundeek.

Hezkuntza zaindu eta garatu behar, eta gaztelaniako hautua egin dute Azpeitian. Benetan iruditzen zaigu ulergaitza hori, azalpenik gabekoa.

Imajinatzen al duzue Laxaro Azkunek Arratian, Bizkaiko bailararik euskaldunenetarikoan, bertsolaritzari buruzko ikastaro bat eman behar duela gaztelaniaz? Bada, Juan Manuel Etxebarria Euskaltzaindiako euskaltzain urgazle, euskal idazle eta arratiarrak Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroa eman berri du Azpeitian, gaztelaniaz.

Hori bezain sinesgaitza iruditzen zaigu Azpeitiko Udalak ikastaro horiek guztiak gaztelaniaz emateko erabakia hartu izana.

Zaindu hortzak.