'I love u'

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Aizbitarte 2024ko api. 4a, 12:17
(Argazkia: Pixabay)

Nagore Aizbitartek 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Otsailaren hasieran lanera bidean nindoan Gorka Urbizuren azken diskoa entzuten. Ez zen entzuten nuen lehenengo aldia, baina egun hartan Besterik ez kantako esaldi batek pentsakor utzi ninduen. Kanta horretan zera dio: "Batzutan I love u idazten diogu elkarri, maite zaitut batek ikaratzen gaitu".

Ulergarria da maite zaitut batek I love u batek baino garrantzi handiagoa duela sentitzea. Gure ama hizkuntzan esaten denak gehiago konektatzen du gure izatearekin, gure sustraiekin. Galdera, ordea, niretzat honako hau izango litzateke: zergatik ikaratzen gaitu maite zaitut batek? Galdera horren erantzuna, zoritxarrez, nik uste dut honako hau dela: jende askok beldurretik bizi du maitasuna. Zergatik? Bada, maitasuna askotan sufrimenduarekin lotzen delako. Hori ez da harritzekoa, kontuan hartuz gero maitasun erromantikoaren kopla famatuenetako bat dela maitatzeak min ematen duela.

Egun badakigu horrek ez lukeela hala izan beharko, eta geroz eta gehiago lantzen hasi garen gaia da. Baina, hala ere, azkenaldian nire inguruan nabaritu izan dut jendeak maitemintzeko geroz eta beldur handiagoa duela. Asko entzun ditudan esaldiak izan dira honako hauek: "Gustuko dut, baina beldur naiz esateko"; "uste dut gehiegi ari naizela sentitzen"; "jada gaizki pasatu dut, eta ez dut nahi berriz berdina pasatzea"... Aldi berean, maitemintzea sentimenduen lehiaketa arraro bateko proba bat bihurtzen ari dela dirudi. Maitasun istorioek irabazleak eta galtzaileak dauden lehiaketak dirudite, zeinetan lehenago "maite zaitut" esan duenak galtzen duen gehienetan.

Aurretik esan dudan moduan, maite zaitut gure ama hizkuntzan esaten dugunean, gehiago konektatuko du gure sustraiekin. Eta maite zaitut hori nolabait gure sustraiaren elikagai garrantzitsuenetako bat bihurtzen da bizitzako une horietan. Elikagai horrek, ordea, askotan sufrimenduaren pozoia darama osagaien zerrendan, eta ez gara ohartzen.

Horrek guztiak askotan bikote harremanak dinamika ez-osasungarriak jarraituz bizitzera garamatza. Noizbait etor litekeen kolperako prestatzen gara, kolpea sustraitik urrun geldi dadin. Eta badakit gure maitatzeko modua mila arrazoiren eta bizipen pertsonalen emaitza dela, eta askotan ez dela erraza egoera horiei aurre egitea. Baina, ahal den heinean, uste dut benetan garrantzitsua dela gure sustraia elikatzen duten maite zaitut horiek beldurraren pozoia duten ala ez identifikatzen hastea.

Maitasuna beldurretik bizitzen hasten garen unean, dinamika ez-osasungarri horiek inoiz baino indartsuago bihurtzen dira. Benetan sentitzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko disonantzia iraunkor batek barrutik pixkanaka apurtzen gaitu. Onartu behar ez diren egoerak onartzera bultzatu ahal gaitu, eta gure burua errespetatzeko mugak ezartzea zailagoa bihurtzen da.

Dagoeneko osasungarriak ez diren dinamika horietaz jabetzen hasi behar dugu. Sentitzen dugunari lekua egin behar diogu, eta hitz egokiak erabiltzen hasi. Izan ere, ez dakit zuek, baina nik behintzat argi daukat ez dudala nahi I love u batek nire maite zaitut bat inoiz ordezkatzea.