Etiketak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2018ko eka. 7a, 17:29

Batzuek izugarrizko azkura ematen dute. Arropa erosi berriari hondo-hondotik moztu beharra izaten da. Bada ohituraz egiten duen jendea ere, automatikoki, arropa erosi eta, sast!, fuera etiketak. Barneko horiek traba egiten digute, baina harro erakusten ditugu kanpokoak. Zenbat eta marka garestiagoa, harroago. Batzuek, ordea, marken doako publizitatzaile izateari uko egiten diote. Ez dute publizitaterik egin nahi, baina paparra aldarrikapen sozial edo politikoetarako erabiltzen dute. Batzuek zein besteek zerbait adierazi edo aldarrikatu nahi diote munduari: nor garen, nor izan nahi dugun, edo zer nahi dugun; edo gizartearen aurrean nolakoak azaldu nahi dugun. Horretarako, geure buruari etiketak jartzen dizkiogu, besteen begietara
aski identifikagarriak izan gaitezen. Supermerkatuko produktuak bagina bezala.

Nabaria izaten da hori nerabezaroan sartzean. Aurreko astean, neskato kuadrilla bat tokatu zitzaidan oinez nire aurretik: Adidas zapatila berdin-berdinak zeramatzaten guztiek, galtza bakeroak, Kanken bana bizkarrean. Bistan da batzuek talde-izaera bermatzeko erabiltzen dutela arropa, eta taldetik bereizteko beste batzuek. Esaterako, Parisen oso modan daude Balenciaga etxeko kirol-zapatilak, inoiz ikusi ditudan oinetakorik itsusienak. Ai, getariarrak burua altxatuko balu! Baina nola hala adierazi behar gure identitatea hiri handi anonimo horietan. Eta Parisen Balenciagak jantzita daramatzana bada norbait. Edo hala uste dut behintzat. Herriotan, etiketa horiez gain, tatuaiak daramatzagu azalean errotuta, nahita ere erauzi ezin direnak; tribuaren aurrean nor egiten gaituztenak. Halakoren seme-alabak, lehengusuak edo lagunak gara beti. Halako etxetakoak. Hirugarren belaunaldiz ezizen bera daramagunak. Eta herri txikiotan tatuaiak nahiko ez, eta gainerakoei post-itak jartzen aritzen direnak ere ugari izaten dira. Neurri eta kolore guztietako post-itak, alajaina: "gizonzale amorratua", "mari-mutila, txiki-txikitatik", "marikoi puta bat".

Jarraitu iritzi artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.