Oholesia

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2018ko mar. 1a, 13:17

Gogoratzen dut duela urte batzuk armairutik irtetea erabaki nuen une hura: "Aita, ama: begetarianoa naiz". Haurrak izan orduko disgustuak bata bestearen atzetik pilatzera kondenatuta zaudete, gurasook! Begetarianoak garenon bidea ere ez da ordea batere samurra okela-jale amorratuon herri honetan: "Baina oilaskoa jango duzu, ezta? Ezta urdaiazpikorik ere? Nola arrainik ezetz! Arraina ez da, ba, haragia!". Euskal Herrian begetarianoa izateko, ezinbesteko bi baldintza hauetakoren bat bete behar da: tona bat pazientzia edo guztiak popatik hartzera bidaltzeko abilezia. Hala ere, euskaldunaz gain azpeitiarra bazara, aurrekoa ez da etxekoei edo lagunei eman diezaiekezun albisterik latzena, beste hau baizik: "Ez noa gehiago sokamuturrera". Erantzunik ez. Begirada sinesgaitza. Amorratua. Halako batean: "Nola? Sokamuturrera ezetz? Vade retro!". Hekatonbea.

Nahiko nuke esatea sokamuturrak ez didala halako zirrararik eragiten. Umiliazio ikaragarria iruditzen zaidala zezena kalean gora eta kalean behera mihia kanpoan ikustea. Iraina deritzodala ondotik pasatzean agure batek aterkiarekin animalia jotzeari. Errespetu falta, haurrek koloretako espraiaz zezen koitaduari bizkarra margotzeari. Ohitura arbuiagarria dela guztiz. Usadio atabiko mespretxagarria. Besterik ez. Baina sentimenduekiko leiala banaiz, onartu behar halako zirrara bat ere sentitzen dudala, txiki-txikitatik barruan errotu didatena. Dira dira zezenak dira. Ipurtzulua itxita hamar egunian, zezenak izan ziran iriki zanian. Zein ederra litzatekeen koherente izatea, oholesiaren alde batean edo bestean uste sendoz neure ideiak defendatzea! Egi absolutuen soineko opakurik ez dut inoiz jantzi ordea, eta, urteak aurrera, barne-zalantzak gero eta ageriagoan ari zaizkit gelditzen. Eta ideia batekiko koherente izatea baino, nahiago dut neure buruarekiko zintzo jokatu, eta hementxen dala, hementxen dala entzuteak sabelean kili-kili egiten didala onartu. Baina horrek ezin du justifikatu gure dibertimendurako izaki bizidun bat odol-lerdea dariola kalean gora eta kalean behera erabiltzea. Ea jaisten garen behingoz gizakion hegemoniaren zalditik.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.