Ostiral guztiak dira ostiral beltzak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Gorrotxategi 2017ko aza. 30a, 12:10

Jardunaren jardunaz, Halloween eta Black Friday geure paisaia kulturalaren parte bihurtu dira. Gonbidatuta ala gabe, baina gure udazkenetan gelditzeko etorri direla dirudi. Batzuei halako amerikanadek ondoeza sortzen diete. Beste batzuoi ondoeza sortzen diguna da "Jalouin", "Blakfirr...", "Blakfirdai" eta halakoak entzutea. Badira Halloweenen jatorri euskalduna defendatzen dutenak ere —nola ez—. Badira Halloweeni errezeloz begiratu arren, ostiral beltzeko beherapenak aprobetxatzeko inongo erreparorik ez dutenak ere.

Santu Guztien bezpera du jatorritzat batak; bestea, berriz, hirurogeiko hamarkadan Filadelfiako poliziak asmatutakoa omen da, Esker Emate egunaren osteko ostiralean sortzen ziren trafiko-arazo larriak medio. Baina bada azken boladan Black Friday terminoari buruzko kondaira beltzago bat bolo-bolo dabilena, dioena Esker Emate egunaren ondorengo ostiralean egiten omen zen esklaboen enkanteari zor diola izena Black Friday egunak. Ez da, ordea, hiri-kondaira bat besterik: ez du New Yorkeko estoldetako krokodiloek, Walt Disneyren gorpu kriogenizatuak edo Itziarko bihurguneko neskak baino sinesgarritasun handiagorik —barka nazazue mitoren bat hautsi badizuet—. Horregatik behintzat lasai astindu zeuon kreditu-txartelak ostiral beltzetan, ez zarete-eta ariko inongo esklaboren memoria zapaltzen. Jakin ezazue, ostera, badirela lekuak XXI. mende hasiera honetan ostiral guztiak ostiral beltzak direnak. Eta ez, hain zuzen, etengabeko beherapenak dituztelako: pertsonak saltzen dituztelako baizik.

CNN kateak Libian grabaturiko bideo batean esklaboen merkatu bat ageri da. Pertsona batek esklaboak saltzen ditu haiek ilaran itxaroten duten bitartean. Bideo horretan aurrera, Tripoliko atxilotze-eremu bateko hainbat emigratzailek berresten dute gaur egun esklabutza existitzen dela Afrikan. Kontatzen dute salerosiak izan direla beraiek ere, merkantzia balira bezala. Baina urrun dago Libia, urrun Afrika. Iñaki, ze urrun dago Kamerun. Zeren, gu gehiago gara Halloween eta Black Friday estilokoak, eta gizajoak, bai, enkantean saldutako koitaduak, baina ehuneko hogeita hamarreko beherapena dago, ezta? Ehuneko hogei bakarrik? Donostian denda guztiak ehuneko hogeita hamarrean daude eta! Gora Black Friday! God Bless America!

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.