Elkartasun bidea

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2015ko urr. 30a, 09:41

Bazen jauregi huts bat. Jauregian ez zegoen ezer, bakarrik, zikinkeria, armiarmen sareak, isiltasuna... eta herri baten frustrazioa.

Maitasunez eta mimoz, kultura disfrutatzeko eraikitzen hasi zen. Dirutza gastatu ondoren, herria jabetu zen eraikinean sartzeko dirutza ordaintzen jarraitu behar zuela. Eta herriak ez zuen dirurik.

'Krisialdian' zeuden herritarrak: lanik gabe edo soldata jaitsita. Herria ekonomiaz kezkatzen hasi zen eta kulturaz ahaztu zen. Eta jauregia hil zen.

Baina herrian bazen eroen talde bat. Eroek zioten kultura egiteko dirua inportantea zela, baina diru gutxirekin eta guztion lanarekin zenbait kultur esparru eraiki zitezkeela; gizakion harremana eta lana kultura zelako, eta horretarako dirurik ez zelalako behar, borondatea, baizik.

Hala, elkartasuna lanabes, eraikinari bizitza eta herriari duintasuna itzultzeko egitasmoa garatu zen. Udal gobernuak jende solidarioarengan sinetsi zuen eta egitasmoari aukera eman zion. Ongizate Sailak ere lagundu zion antolatzeko orduan.
 
Eroak argiak eta lurra ipintzen eta pintaketan hasi ziren. Dena doan, elkartasuna haien sinesbidea zelako. Batzuk hemen eta besteak lekutan jaiota, Saharako haizeak ekarrita, guztiak herrirako lanean.

Jauregi zikina eta isila zarataz eta kolorez bete zen. Eta irailaren 18an ateak ireki zituzten.
Bigarren eskuko denda, baserritarrekiko lotura, bertako artisauen lana ezagutzeko aukera edo behartsuek doako produktuak lortzeko espazioa.
 
Gizakion arteko harremanak eraikitzeko esparrua zen, ez zen negozioa, ez zen irabazi-asmorik. Eremu hartan ideologia eta adin ezberdinekoek, bertakoek eta kanpotarrek, lan egin eta elkar ezagutzen zuten. 
 
Europa inguruan harresiak eraikitzen ari diren bitartean, Azpeitiko biztanleek eta Udalak sortu dute elkartasun gunea pareta abandonatuen artean.
 
Eta hilda zegoen jauregia berpiztu da.
 
(Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da hau)