Koronabirusa Azpeitian

Ez da gauza bera

Erabiltzailearen aurpegia Mireia Galarza 2020ko api. 3a, 17:30

Esan izan da hortik, gorputzak hogeita bat egun behar dituela ohitura berriak bereganatzeko. Gaur bete ditut, hain zuzen ere, egun horiek guztiak etxean. Salbuespen bezala, pare bat aldiz irten naiz etxetik, hori bai, beharrezko gauzetarako bakarrik. Egia da, bai, itxialdi hau itogarria egin zitzaidala hasierako egunetan, baina, badirudi, gorputza ohitzen ari zaidala egoera bitxi bezain arraro honetara. Ikasten ari naiz apurka, mindfullnessak dioen moduan, egunean egunekoa bizitzen, eta saihesten saiatzen naiz buruak oihartzunaren pare gogorarazten dizkidan "hau egin behar dut gaur, beste hori bihar" bezalako esaldiak. Hala ere, egoera batzuetan ezin dut lortu, eta badirudi ez naizela bakarra. Hezkuntza arloari buruz ari naiz, adin tartea edozein dela ere. Txikienetatik hasi eta unibertsitatean gaudenoi ere eragin digu irakasteko derrigorrezko teknika aldaketak, eta, honenbestean, zaildu egin dira gauzak. Onartu eta ulertu dezaket irakasleentzat ere ez dela samurra izango auskalo zenbat ikasleren aurrean birtualki jarri eta horiek guztiak otzantzen jakitea. Horregatik, egoera kudeatzeko irtenbiderik egokiena bi aldeen eskaerak aintzakotzat hartzea dela iruditzen zait, ez dadin bi aldeetatako harreman hori feedbackik gabeko komunikazio prozesua bihurtu. Ez du zaila ematen teorian, baina praktikak erakutsi dit ez dela hain erraza. Errendimendua ez da bera, ez irakasleena, ezta ikasleena ere, eta exijentzia mailak ere ezin du, beraz, norberaren apeta izan. Susmoa dut, ordea, pantailaren aurrean errealitate hori ez ikusten saiatzen garela, alde bakoitzak eman dezakeena kontuan hartu gabe. Beraz, ez daitezela izan teknologiak ireki dizkigun aukera horiek egoera okertu dezaketen tresna berak.