Soka luzean

Nahi ninan baina

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2024ko api. 1a, 10:28
Karnabaletako sexu erasoak salatzeko elkarretaratzea. (Ihintza Elustondo)

Miel Anjel Elustondok 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nahi ninan baina... Nik izeba xaharraren kontu xaharragoak kontatu nahi nizkinan, Nerea. Laurogeita hemezortzi bete behar zitinan Inuxente Egunean, baina hamar bat egun lehenago alde egin zigunan mundu honetatik. Artean, astea lehenago, hitz eta pitz jardun zinan hau eta hura kontatzen –txikitako kontuak, tartean–, nola eliza atarira joan eta jolas besterik ez zuten egiten, jolas eta jolas, eta beti eliza atarian zebiltzanez jolasean, askotan tokatzen zitzaizkiela parean entierroak, eta entierroa zenean, kantu bat kantatzen zutela, beraiek, umeek, kopla moduko bat edo, eta delako kontu hori era batekoa zela hileta lehen mailakoa zenean, eta bestelakoa, berriz, entierroa exkaxagoa zen kasuetan. Egunen baten kantatuko dizkinat, grabatu egin nizkionan eta.

Ez zakinat zuei familian edade handiko inor geratzen zaizuen, gerraurreko herriko konturik kontatzeko moduan den inor, alegia. Gurean, oraintxe denak joan zaizkigun, eta lehenengo lerrora ekarri gaitizten. Gu baino gazteagoak babestea tokatzen zaigun, orain arte gure baino zaharragoek gu babestu gaituzten moduan. Zuek, Maialen. Guk, Maria. Ez zegon besterik. "Hil arte bizi" esaten diten, eta hala beharko din.

Barkatu, nik izeba xaharrarenak kontatu nahi nizkinan, kontatu nahi nizkizuen, baina jende barrabas horrek ez zidan uzten. Odola gatzatu zidaten. Ze nezesidade, ordea!? Biolazioa. Zer nezesidade!? Akordatzen naun, gaztetan, saninazioak, eta behin edo behin ere gertatu izan zela, ezegitekoa egin zutela orduan ere, eta ez genuela entenditzen, baina zer edo zer larria iruditzen zitzaigula, herriaren gainean harripotortzar handi bat jarri izan balute bezala, giroa ilundu egiten zela, eta oraingo jende bilerarik egiten ez bazen ere, dolua nagusitzen zela. Urte mordoan, hainbat tresna geure eskuetan izan ditinagu, mailua hartu bai, baina iltzea ez dinagu buruan jo.

Barkatu, Nerea, nik izeba xaharraren kontuak kontatu nahi nizkinan. Hurrengoan beharko din, Durangon edo, iaz bezala.