Soka luzean

Irunberri, 1990

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2023ko uzt. 16a, 09:00
Pako Aristi 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra' liburua eskuetan duela, aurkezpen egunean. (Erein)

Miel Anjel Elustondok 2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Gazte sasoikoak ginen eta batek daki zein pentsamendu zebiltzan gure burutzar handietan uda atari hartan. 1990. Behin eta berriz eta askotan bezala, tiro hotsa bazterretan. Guardia zibil bat hil zutela Nafarroan, eta bi ETAko. Tokia ez zen ohikoa, ez zen hiria, Irunberriko arroila baizik. Bazter ikusgarria. Kanpatuta omen zeuden hiru gazte, ondoko Zangozako guardia zibilak han tokatu, hau eta hura, eta hildakoak. Harrigarriena, bertsio ofiziala, guardia zibilarena, estatuko gobernuarena. Sozialistak garai hartan. Suizidatu egin zirela ETAko biak. Hirugarrena, bizirik, baina larri zaurituta, hark ere tiroa, hitz egiteko gauza ez, eta erabateko amnesia gainera. Eta besterik ez eta bertsio ofiziala. Eta zeinek sinetsi hura. Eta zeinek jakin zer gertatu ote zen. Eta nahita ere ezin jakin, ikerketarik egin gabe. Eta nola ikertu behar zuten ezer arroilan gertatukoa ezkutatu beste asmorik ez zutenek. Eta nola ikertu behar zuten ezer egia jakin nahi zutenek, epaileari diligentziak bata bestearen ondotik eskatu eta hark bata bestearen ondoren ukatu bazituen, eta lekukoak bilatzeko lanik hartu ez bazen, edo lekukorik fortunatuta ere, atzerritarrak, haiei halamoduzko deklarazioa hartu eta Espainiatik lehenbailehen alde egiteko eta inori ezer ez esateko agindua jaso bazuten. Suizidatu egin omen ziren, batzuek. Suizidatu egin zituztela, besteek. Eta orain, hogeita hamahiru urte joan direnean, hortxe urrestildarraren liburua, bertsio ofiziala sinestuko duen amaren seme-alabarik ez dagoela erakutsiz, benetako egiaren bidean pausoak emanez. Hamaika liburu bada bazterretan, eta, larri ibili, laster etorriko zaizkigu batetik eta bestetik udan irakurri behar omen direnen zerrenda agintzera. Aukeran, txarra ez Pako Aristiren Irunberri, 1990: Arroilaren negarra letu eta arroilara bertara ibilia egiteko. Zauririk itxiko ez badugu ere, gezurraren mina arindu, behintzat, arinduko digu egiatik asko duen liburua letzeak eta Irunberriraino eramateak. Hildakoen mina ez digu goxatuko, baina horixe.