Soka luzean

Hildakoa hil

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2022ko aza. 3a, 08:08
(Argazkia: Pixabay)

Miel Anjel Elustondok 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi arikulua da honako hau.

Gerra akabatu zenean, Elenak bigarren alaba izan zuela esan zenidan...

—Bere herriko batekin. Mutilak Jexux zuen izena...

—Arotza zela esan zenidan...

—Ebanista. Gerra eta gero, Luxiano harrapatu zuten, Jexuxen lagun handienetako bat. Jexuxek bazekien berari ere bila zebilzkiola, eta ihes egin zuen, ez ondoko herrira ere, baina urrutiagoko batera. Herri hartan, aldi batean, Elenaren etxean bizi izan zen, eta hortik jaio zen Pepita. Garai hartan, Jexux herriko aroztegi batean hasi zen lanean, eta inor atxilotzera joan ez zitzaionez, salbu zegoela pentsatu zuen. Behin, tailerretik irten eta bere herriko batekin egin zuen topo. Arraioa, lehengusua zuen! Hura poza Jexuxena! Dena kontatu zion, nola ihes egin ahal izan zuen, nola Elenarekin bizi zen, non ari zen lanean... Egun hartan, Jexux pozak sartu zen etxera. "Ba al dakizu...", hasi zitzaion Elenari. Lehengusuarena kontatu zion. Jexux baino aztiago Elena, etxetik alde egiteko esan zion, ihes egiteko, uzteko lanak eta gainerakoak, joateko eta ezkutatzeko lehenbailehen. "Baina, Elena, lehengusua dut, nola esango du, ba, ezer?!". Elena, egoskortuta, ihes egiteko esanez Jexuxi... Ez zion kasurik egin. Handik bizpalau egunera, aroztegira joan zitzaion polizia. Segurtasuneko Zuzendaritzara eraman zuten. Gero, Luxiano preso zeukaten zulora. Heriotza zigorra eman zioten Jexuxi, nola emana zioten aurretik Luxianori. Jexuxek, bero-bero eginda, faxistek ez zutela hilko hasi zen esaten. Ezetz, faxistek ez zutela akabatuko. Eta Luxianok lagunduta, halako benenoren bat inguratu zuen. Hurren zegoen gauean, pozoi hura hartu zuen. Goizean goizago, erdi akabatuan zegoen Jexux, hilzorian, edo hilda. Hala ere, poliziak zeldara etorri, Jexux arrastaka atera eta hormaraino eraman zuten. Eta fusilatu egin zuten.

—To! Hildakoa fusilatu zuten!

—Bai, be! Esan zuen Jexuxek, ez zutela faxistek fusilatuko! Ez alferrik ibili haren gorpuzkien bila, ez dago jakiterik non sartu zuten lur azpian. Noiz edo noiz agertuko dira, baina batek jakin...