Manresara erromes

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2017ko urt. 9a, 18:23

Inaziok Jerusalem zuen gogoan, eta beti Jerusalem. Bazekien milaka giristinok odola isuri zutela Turkoei Jerusalem kendu beharrez. Eta hura, Jesusen eta Mariaren soldadua, nola zegoen agertze bat bederen Jerusalemerat egin gabe? Baina Bartzelonako portua izurriteak hetsia zegoen; untzirik ez zitekeen sar, ez atera. Izurritea jabaldu [baretu] artean, Manresan egon zedin kontseilatu zion frantses konfesoreak. Denbora hartan herri ttipi bat zen Manresa, Montserratetik urrunxeago. Dominikanoek bazituzten han komentu bat eta ospitale bat. Hura zen Inaziok behar bezalako tokia. Han eraman zezakeen bizitze gorde eta saindu bat, Jainkoa baizik lekukorik gabe.

Manresa bidean gibeletik hatzeman zuten Montserrateko beilari batzuek, bi gizon gaztek eta lau andrek. Andre haietarik bat doña Ines Pascale zen, Bartzelonatik Manresarat izurritearen ihes etorria, eta Manresatik Montserraterat ardura [askotan] zihoana.

–Andrea –erraten dio Inaziok–, hurbil naiz zenbait ospitaletarik?

–Pelegrin jauna, ospitalerik hurbilena Manresakoa da, gu gauden herrikoa. Nahi bazara gurekin etorri, irekiko dizugu ospitaleko atea eta gure arta onak gogotik emanen dizkizugu. Zuk nahi duzun urratsean joanen gara. (...)

Doña Inesek ospitaleraino lagundu zuen eta ospitaleko buruzagiari ontsa gomendaturik utzi zuen. Ospitalean sartzean xedetan zen Inazio naturalezari gerla egiteko, Espainiako etsaier egin zuen bezala. Jostetazko bizi baten oroitzapena penitentziarik garratzenetan nahi zuen ito.

Orain artean distiratzen zuen haren buruak, orain ez da orrazten ere. Orain artean hein ederrean zegoen bizarra, orain nolanahi uzten du. Orain artean txuri ziren haren eskuak, garbi haren azkazalak, orain ez die behatze bat ere ematen. Orain artean korteko mintzairea zuen, orain jende xehearen mintzairea. Orain artean aski mutil bazituen, bera jartzen da orain erien mutil. Erien zauriak garbitzen eta lotzen ditu, eta naturalezak arrangurarik egiten badio, belauniko jartzen da erien oinetan eta haien zaurier musu ematen die. Ez da horretan baratzen [geratzen]; orain artean atorra mehea ekarri du, orain zilizio garratz bat. Belar luze eta latz batzuez egiten du gerriko bat, larru arrasean ezartzen duena. Azotea hartzen du egunean hiruretan. Ogirik beltzena janaritzat; ogi hura atez ate eskatzen du bere urguiluaren zapatzeko. Meza egun oroz entzuten du dominikanoen elizan. Zazpi oren iragaten ditu otoitzean, beti belauniko. Lurrean etzaten da, burua harri bati edo taula bati kontra. Lo xorta bat egin orduko jaikitzen da eta otoitzean hasten. Igandeetan dominikano apez bati konfesatzen da eta komuniatzen du. Igandeetan, ogiaz bestalde, berdagailu [barazki] zerbait jaten du, baina hautsa emanik, gormandiza [gula] egin beldurrez".

Frantzisko Lapitzek Bi saindu heskualdunen bizia-n kontatzen duen moduan irudikatu dut azpeitiar kuadrilla Manresan. Eta, koadrila osoa ez bada, Pitxin behintzat! (eta, hemen, emotikonotzar bat, algaraka!)

 

(2016ko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia)