Iñaki Azpiazu 'Unio'

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko mar. 2a, 10:57

1959. Caracasen izan eta Kubara heldu da Iñaki Azpiazu Unio. Ohi duenez, kartzelak bisitatu ditu, elkarrizketak eman, hitzaldiak egin. Besteak beste, Errepublikako presidente Osvaldo Dorticosekin eta Lehen Ministro Fidel Castrorekin hitz egin du. Kuban dagoela, bestalde, bertatik bertara hartu ahal izan dio pultsua Kubako Iraultzari eta, esaterako, urte hartako abenduaren 11n Columbia kanpamenduan Huber Matosi –Iraultzaren aldeko buruzagi, disidentetzat salatua gero–, egindako epaiketan izan da.

Eman dituen elkarrizketen artean da Habanako Canal 2 Mundovisión telebista kateko "Telemundo pregunta" saioan egin diotena. Honetaz eta hartaz galdetu diote, eta mingainean herdoilik gabe hitz egin du. Revolución aldizkarian jaso dituzte Unioren hitzak. "Erbesteratua dela esan zuen, pertsonari dagozkion eskubide naturalak ezin gauzatu zituelako, eta elizaren baimenarekin utzi zuela bere herrialdea 1937ko apirilaren 23an, faxistek Bizkaia bonbardatu zutenean. Hori esanda, Iñaki Azpiazu apaizak Espainiako Francoren erregimena kondenatu zuen, esanez ez giza askatasunik dagoela, ez prentsa, sindikatu, alderdi politiko edo irakaskuntza askatasunik ere, eta giza eskubideak ez zirela errespetatzen". 

Unioren hitzak bizi-bizian eta zuzenean zabaldu zituen telebistak, eta horrek bere onetik aterarazi zituen zenbait erlijioso. Dakigunez, telebistaren egoitzan sartzen saiatu ziren bi kaputxino espainol, Azpiazuri kontra egiteko asmotan. Ez zuten sartzea lortu. Haiek lortu ez zutena, ordea, lortu zuen, neurri batean, Espainiako enbaxadako informazio aholkulari Jaime Caldevillak: telebista enpresako zuzendaria presionatu zuen Iñaki Azpiazu parte hartzen ari zen saioa behar baino lehen bukatutzat emateko. Horrekin batera, Espainiako enbaxadak elkarrizketa lortu zuen telebista kate berean, Uniok Francori eta Francoren diktadurari buruz esandakoei kontra egiteko. 

'Unio'-ren kontra

Garai hartan euskalduna zen Espainiako enbaxadorea ere, Pablo Lojendio Irure, donostiarra, eta Iñaki Azpiazu nola desakreditatu zebilen. Iñaki Azpiazu ez zen isilik egotekoa, eta Kubara baino lehen, gordin hitz eginda zegoen Francoren kontra Caracasen. Orduan ere, Espainiak Venezuelan zuen enbaxadoreak eginahalak eta bi egin zituen Azpiazu isilarazteko. 

Unio Kubatik irten arte zain egon zen Lojendio haren izena zikintzeko. Gure Unioren idazkari Margarita Imazek idatzita utzi zuenez, "Lojendiok fraide espainolak mugiarazi zituen, eginkizun lotsagarri batean: Francoren erregimen katoliko baino katolikoagoa babes zezaten nahi izan zuen, Kaudilloak ordezkatzen zuen kausaren alde maitasun handia erakuts zezaten. Lojendiok Espainiako enbaxadan bildu zituen ordena erlijiosoetako buruak, eta aukera baliatu zuen hor nonbait zebilen erretxinen batek (hau da, Iñaki Azpiazu) esandakoei garrantzia kendu eta fraideak lasaitzeko".

(segituko dugu Uniorekin)

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.