Ikusi al den argazkiye?

Erabiltzailearen aurpegia Maite Garmendia 2015ko uzt. 28a, 12:08

- Ikusi al den argazkiye?

- Ze argazki?

- Zea... Beste mutil horrena... Galtzak jaitsite dauzken horrena.

Eta ikusi egin nuen. Eta amorratu. Eta sumindu. Burura etorri zitzaizkidan hainbat eta hainbat kasu horrela zabaltzen joan direnak gehiengoaren indiferentziarekin. 

"Ai ama! Nola leike!" esan, eta bidaltzen jarraitzeko bati eta besteari. Taberna-zuloan komentatu, "kritikatu" eta ezer ez egiteko. Konplizeen komunitatea handitzeko. Morboa elikatzeko. Zein izan ote daitekeen apustu eginez, ez da-eta argi ikusten. 

Ez al ditugu denak horren antzeko kasu mordo bat ezagutzen, ondorio latzak izan dituztenak? Norbanako asko eta asko lur jota, txikituta, umilatuta eta zizko eginda utzi dituztenak? Zenbat aldiz errepikatu behar du historiak, jokabide mota horrek ere ondorio larriak dituela ulertzeko? 

Erreza da gero batzuetan jendea umilatzea, egoera ahul batean dagoenean. Erreza da gero anonimotasunean ezkutatu eta besteen mixeriez aprobetxatzea. Ausarta halakoa! 

Jakizak/n "argazkilari anonimo" hori, une konkretu batean edonor eror daitekela zulora eta egoera triste horretan hire ingurukoek bi aukera dituztela: lagundu eta zulotik irtetzeko adorea eman, edo puteatu eta denen ahotan jarri. Espero dinat/diat lehenengo aukera erabiliko dutenen ingurua izatea. 

Adierazpen askatasunaren aldeko porrokatuena naiz eta izango naiz, baina askatasun horrek gizarte hobeago bat ekarri behar duelakoan nago, non jendea piskat zoriontsuago egiten saiatuko garen, inor zapaldu gabe, inor mindu gabe. 

Argazkian azaltzen den hori ez dakit zein den, ez dakit zer egoeratan zegoen eta zer egoeratan egongo den orain, baina ziur naiz badituela ondoan "argazkilari anonimo" hori baino lagun hobeak, trantze latz honetatik irtetzen lagunduko diotenak.