Hoi Denk Zirkue!

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Etxaniz 2019ko urt. 10a, 11:24

Ba omen zen behin, leku magiko bat. Kondairak zioen, han elkartzen zirenek sudur gorriak janzten zituztela egunero; leku hartan desioak pizten eta ametsak puzten zirela zioten. Aztiek eta lamiek hauts magikoak zabaldu omen zituzten bertan, eta zeruraino iristen omen ziren nahi izatekotan. Han sartuz gero edozer izateko aukera zegoela zioen kondairak: ametsen akrobata, herensuge, mago, kontortsionista, ilusionista, pailazo nahiz pirata. Egun batean, ordea, ipuin kontalari misteriotsu batek esan zuen kondaira hura ez zela kondaira hutsa.

Egongo da istorioa tontakeria hutsa dela pentsatzen duenik, baita pentsatu eta lau haizetara zabalduko duenik ere. Baina norberak ikusiko du zer sinisten duen edo nori sinisten dion. Kasu honetan, neure begiekin ikusitakoa sinisten dut nik. Eta ikusi ditut aztiak eta lamiak ustezko edo irudimenezko leku magiko horren aldameneko tabernan irina eskatzen, ondoren Gaztetxeko zerura iritsi ahal izateko. Leku horretan pertsona bat ostruka bihurtzen ikusi dut, Gaztetxekoak zirikatzera joaten zen ume bihurri bat mago bilakatzen eta pailazo izan nahi zuen gazte bat bere ametsa egi bihurtzen. Noski, imajinatzen dut astegunetan bertara joaten direnek ez dutela sudur gorria jantziko egunero, eta normala. Horretarako dago ba panorama...

Sudur gorririk jantzi gabe egin dute lan Xantik, Iagok eta Ekainek, eta nabarmentzekoa da egindakoa. Txalotzekoa. Mundiala duela astebete eskainitako emanaldia. Beren eskuekin, buruekin, sormen gaitasunarekin nahiz sartutako lan ordu guztiekin erakutsi dute nahi dutena egiteko gai izan direla. Erakutsi dute luxuzko areto erraldoi eta erosoetatik urrun badaudela desioak pizten eta ametsak puzten laguntzen duten lekuak. Hirukote, jarraitu txikitik horrelako gauzak egiten, zuen ilusioak zukutzen, esperientzietatik ikasten eta sortutakoa herritarrekin elkarbanatzen.

Jakinekoa da pailazo ugari dagoela bazterretan. Zirko batzuk ere ikusten dira kalean. Hori bai, zirkorik kuttunena bat eta bakarra: Hoi Denk Zirkue!