Izarraizpetik

Rafael Rezabal Aizpuru

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2023ko abu. 24a, 10:21
Rafael Rezabal.

2023ko abuztuko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa. Luis Gurrutxagak Rafael Rezabal izan du hizpide, Ekaingo kobazuloa aurkitu zutenetako bat.

Ekaingo kobazuloa aurkitu zutela 54 urte igaro direla eta –1969ko ekainaren 8an, hain justu–, aitzakia aproposa iruditu zait koba aurkitu zuen Rafael Rezabalen ahotik gertaera jasotzea, eta bide batez, haren bizitzaren printza batzuk txertatzea idatzi honetan. Ez dezagun ahaztu, Antxieta arkeologia taldeko Andoni Albizuri Katxo zenak eta Rafaelek topatutako kobazuloak eta bertako 70 pinturek – orain dela 13.000-14.000 urtekoak– mundu guztian izan zutela oihartzun zabala, eta 2008an Unescok gizadiaren ondare izendatu zuela aurkikuntza miresgarri hura.

"Igandeetan eta jaiegunetan, mendira irteteko ohitura genian, naturaz gozatzeko eta Antxieta arkeologia taldeko kideak izaki, ba... ea antzinako aztarnarik aurkitzen genuen edo. Gaiaz jakin-min handia nian, liburuak leitzen nitian. A, Aita Barandiaranek asko lagundu ziguan. Hartu motoa eta sarri joaten gintuan Ataunera. Garai haietan, gure ametsa zuan giza kaskezurrak topatzea. Badakik zer sona izan zuen –esaterako– Urtiagako kaskezurrak bilatu ondoren? Gu garezur bila, eta pinturak topatu!", azaldu du hunkituta. "Ikerketetarako oso baliabide gutxi genian. Tailerretik irten, denborarik ez, eta denbora asko behar. Jaietan bakarrik, zortzi, hamalau... ordu. Motoan joan-etorriak, soka xahar batekin eta... Hoixe, potruek zea baiño haundiyouek". Eta zer arrazoik eraman zituen Ekainera? "Errezil inguruetan Haitzorrotz, Amalda, Granada-Erreka, Endoia, Lastur, Izarraitz... Horiek zituan gure bisitetako guneak. Eta Ekain alde hori..., ba geure artean, '...jo, leku honek ezaugarri onak dizkik'. Paraje ederra, bertan ura, hau derrigor aztertu behar... Sumatu genuen zulotxoaz galdetu baserri gertukoenean, eta 'bai, untxiak-eta sartzen dituk'. Igande hartan, Katxo eta biok bakarrik zulo txikia pixka bat egokitu genuen sartzeko, eta satorren gisara aurrera egin. 'Hi, haize korrentea zagok hemen!'. Eta biok aurrera... Pintura bat paretan! Eta biok deliberatzen zaldia zen ala ez... Bukatu zuan tartetxo hura, eta ni zirrikitu batean sartu eta... aiba! Hura dek panela, margoak nabarmen zirela! A ze makakorroa bota nuen. Andonik pentsatu zian min hartu nuela. 'Hi inori etzegoagu esango, e'". Eta irrifarrez jarraitzen du: "Ez, zea. Azpeitira etorri, lau txikito hartu eta... Ze lau txikito? Lehenengo txikitoan aurkitutakoa kontatzen hasi. Hi, Barandiarani deitu eta hasieran ez ziguan sinetsi. Normala: ba al dakik zenbat dei jasotzen zituen, zenbat kontu aurkikuntzez, gero ezerezean gelditzen zirenak? Eta beste kontutxo bat: hainbat enpresari dirudunek –eta ez hain urrutikoek– ikusi zitean kobazuloa esplotatuz negozioa egiteko aukera. Bai, bai... afari bat edo bestera gonbidatuak izan gintuan. Gure ikuspuntua eta nahia, baina, guztiz aurkakoak zituan: mundu guztiari aukera ematea aurkikuntza miresgarri hartaz gozatzeko. Hura herriarena zuan", dio irmoki. "Aranzadi egin zuan kargu, eta zorionez, gure nahia hala konplitu zuan".

Aurkikuntzaz eta arkeologiaz aparte, bere bizitzako pasarteez aritu zait. Errebalean jaioa, haren aita Uruguain sortu zen: "Hori gutxik zekitek". Tamalez, Gernikako bonbardaketan galdu zuen aitak besoa. Bere "lagunik onena", berriz, musika. Arteetan bat aukeratu behar, eta musika! "Bizitzie ematen zeak", esan dit sineste sendoz. Nietzsche pentsalariaren hitzak gogorarazi dizkiot: "Musikarik gabe, bizitza errorea izango litzateke". Eta harrituta utzi nau pentsalari alemaniarraz zenbat dakien ikusirik. Nola bere lagun Katxok erakutsi zion txistua jotzen –"baita hire arrebak ere"–, eta txistulari taldearekin urtebetez aritu zela Azpeitiko kaleetan. 92 urte eta mutiko bihurria dirudi! Bizitzako eta gizarteko arazo eta gai sakonez aritzea gustuko du, eta umorea oso berea du. "Rafa: aspaldi ez haut ikusi?". Eta berak: "Nola ikusiko nauk ba? Txiki-txikiye nauk-eta?".

Rafael Rezabal Aizpuru: jenioa eta figura...