Hainbat aburu

Orgatxodun euskalduna

Guillermo Isidoro Larregi Ugarte, bere orgatxoarekin.

Luis Gurrutxagak 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskalduna apustu zale amorratua dela esan ohi da. Hemen, Urola bailaran, ezagunak eta garaian oso entzutetsuak izan zirenak ere badira; adibidez, Inazio Arregi Etxearretak 104 kiloko burnitzar puska bizkarrean hartu eta Eibarko tren geltokitik Urko gailurrera jokatu zuena, edo Azkoitian butano bonbona hartu eta Hernioko puntara eginikoa. Gehienak kirol balentriak dira, baina beste batzuk non sailkatu? Adinez osatuta gaudenok gogoratuko dugu arkume txuleta kilo gehien jateko lehia nola antolatzen zuten Logroñon, eta ene! Partaide gehienak euskaldunak...

Historia honetako protagonista ere euskalduna dugu, eta apustuekin badu zerikusia: Guillermo Isidoro Larregi Ugarte, Iruñeko Errotxapea auzoan 1885ean jaioa. 15 urterekin, beste milaka euskaldun bezala, lehenik Uruguaira eta gero Argentinara joan zen bizitza aurrera ateratzeko. Hainbat ogibide probatu ondoren, Patagoniako Santa Cruz probintzian ari zen lanean, petrolioa ustiatzeko enpresa amerikar batean, apustu arriskutsu eta xelebreetan xelebreena adostu zuenean, lankideekin: zeuden hiritik Buenos Airesera (3.400 km) baietz iritsi. Berak eginiko gurpil bateko orgatxoan kargatu zituen ohexka, kanpin denda eta abarrak (ehun kilo pasa), eta han joan zen nafarra Patagonian barrena, hegotik iparrera. Hamalau hilabete igaro zituen Larregik hiriburura iristen, zoritxar ugari nozituz. "Trelew hiri inguruetan jasan nituen etapa larrienak. Zero azpitik hogei gradutara iristen zen hotza. Elurretan nindoala, denboraren nozioa galtzen nuen. Ez nituen sentitzen ez eskuak, ez oinak, ezta orgatxoaren pisua ere. Jakin banekien, geldituz gero, izoztuta hilko nintzela, eta orduan azkartu egiten nuen pausoa (...)", zioen. Ez zuela etsiko jakin zutenean, haren bila joan ziren apustuko aurkariak, errukituta, eta behin eta berriro erregutu zioten itzultzeko, berarentzat zirela-eta erronkako diruak (50 peso, hilabeteko peoi soldata). Baina alfer-alferrik. Hark euskalduna zela eta bete egingo zuela hitza. Saiatua, nekaezina eta setatsua izateaz aparte, buruargia zen Larregi. Txema Urrutia kazetariak hari buruz idatzi zuen liburuan –El vasco de la carretilla– nabari daiteke aitzindaria izan zela kirol esponsorizazioan. Herri handietara iritsi aurretik, hango hedabideetako kazetariekin harremanetan jartzen zen, bidaiako egunerokoak kontatzeko. Gainera, aurrera jarraitzeko zer falta zuen jakinarazten zuen: alpargatak, janaria, arropa... Urtebete eta bi hilabete pasatu ondoren iritsi zen Buenos Airesera. "Euskalduna naizelako iritsi naiz", esan zuen. Garaiko kronikek diote 2.000 pertsona batu zirela gizonari harrera egiteko. Kontua da, ordea, ez zela gehiago itzuli abiapuntura, Santa Cruz probintzira, ez jokatutako dirua jasotzera, ez bizitzera. Beste hiru bidaia luze egin zituen bere orgatxoarekin, eta nomada bizitza hautatu zuen.

Iguazuko natur parkean kontserba lataz eginiko etxetxoan bizi izan zen hamabost urtez, 78 urterekin hil zen arte. Egunkariek eman zuten albistearen berri. Erabili zuen tresneria eta haren gauzak Lujan eta Santiago hirietako museoetan ikus daitezke. Chacabucoko Euskal Etxeak bere izena darama, baita lehen bidaiari ekin zion plazak ere.

"Ekintza zailek denbora luzea eskatzen dute, ezinezkoek pixka bat gehiago" (Andre Jackson).