Karnabaletan ere aske

Erabiltzailearen aurpegia LinetteMontalvo 2017ko mar. 24a, 10:05

Beti bezala, gure Azpeitia maiteak primeran ospatu ditu Karnabalak. Gogon dut estreinakoz Azpeitiko inauterietan atera nintzen aldia. Duela bi urte izan zen. Frida Kahlo jantzi nintzen, badakizu, feminista handi bat omentze aldera. Izugarrizko festa izan zen! 

Iaz ere Kahlo bezain mozorro ona aukeratu nuen, eta Angela Davis hezurmamitu nuen. Aurreko urteetako mailari eustea helburu, aurtengo Karnabaletan zer jantzi pentsatzen hastean, ia konturatu ere egin gabe mozorroen, festaren eta haietan emakumeak duen figuraren inguruan hausnartzen ari nintzen. Eta jabetu nintzen sarritan zer inkoherenteak garen, zenbait gauza argitan defendatzen ditugulako, baina gero haietaz ahazten garelako.

Askotan, parrandaren erdian, guztiak poza behar lukeenean, emakume askok ezin dute lasai gozatu, sexualki erasotuak direlako, ikutuak jasaten dituztelako... Eta hori ez da batere atsegina. Esperientziaz diot, neure azalean bizi izan dudalako. Garrantzi-tsua da gogoraraztea mozorrotzen zaren arren, edaten duzun arren eta gau batez nor zaren ahaztu arren, hurrengo egunean zu izaten jarraitzen duzula, eta berriro topatuko zarela jazarri zenuen edo zenituen emakume haiekin.

Guztion eskubidea da Karnabalak pozik eta aske bizitzea. Parrandan lasai eta eroso barre egingo dugun eta arazoetaz ahaztuko garen eta gozatuko dugun inauteriak bizitzeko eskubidea dugu.

Bakar-bakarrik gogoratu zure aurrean duzun emakume horrek ere askatasuna eta ezetz esateko eskubidea ditu. Errespeta ezazu eta jarraitu zure bidea.

Neskak hausnarketa hori guztia guretzako ere bada.

Gozatu ditzagun festak gure herri honek, Azpeitiak, bakarrik bizitzen dakien bezala. Aupa azpeitiarrak!

(2017ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia da honakoa).