Esteban Orbegozori eta Beñat Hach Embareki isuna ordaintzen laguntzeko postua jarriko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Libre Azpeitia | Politika | Argazkia
2018-02-09 07:07

Igandean, Elegante Egunean, Loiolako herri harresian parte hartzeagatik Esteban Orbegozok eta Beñat Hach Embarekek ordaindu behar izan duten gastuari aurre egiteko postua jarriko dugu plazan, 12:30etik 14:30era. Elkartasun pegatinak banatuko dira euro baten truke, eta hamar euroko bono laguntzak erosteko aukera ere egongo da.

Estebani eta Beñati lapurtu dieten dirua berreskuratu beharra dugu guztiok. Estebanek eta Beñatek elkartasunez jokatu zuten, orain guri dagokigu beraiekiko elkartasunez jokatzea.

Auzi honen nondik norakoak bergogoratzeko, jarraian duzue kronikatxo bat:

Euskal gazteriaren aurkako estatu espainolaren errepresioaren erdian, 2014ko irailaren 22an, Loiolako Basilikaren eskalinatan herri harresia egin genuen, epaiketara aurkeztu ez ziren bost euskal gazteak babesteko asmoz. Bertan izan ziren, beste ehunka herritarren moduan, Ertzaintzaren salaketaren ondorioz, 23.663 euro ordaintzera zigortu dituzten Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra. Horri, epaiketaren bestelako gastuak gehitu behar zaizkio, 30.000 euro inguruko gastuetara iritsi delarik prozesu judiziala.

Egun hartan, Loiolako herri harresiko bost gazteak atxilotzeko unean, bortizkeria handiz aritu zen Ertzaintza desobedientziaz eta erresistentzia pasiboz eskalinatan eserita zeuden ehunka herritarren aurka. Bortxakeria horren erdian, eta inork kolpatu ez bazuen ere, belauneko tendoia hautsi zuen ertzain beltz horietako batek. Orain, hiru urte beranduago, lan istripu horren ardura Estebani eta Beñati leporatu diete, sekulako zigorra jarriz, eta desobedientzia zein herri erresistentzia pasiboa antolatzen eta lantzen duten herritarrei mezu argia luzatuz: "Horrelakoa izango da desobedientziaren aurreko jaurlaritzaren erantzuna!".

Hasiera batean, atentatu kargua leporatu nahi izan zien Ertzaintzak, baina agenteek beraiek grabatutako bideoak ikusi eta gero, atentatu kargua baztertzea erabaki zuten, horrelako akusazioa mantentzerik ez zegoelako. Ospitalean zauriturik zegoen ertzainaren lehen testigantzak ere bide beretik jo zuen: "Belaunak kale egin zidan", esan zuen horren ardura inori leporatu gabe.

Eleak-Libre mugimenduaren iritziz, argi eta garbi adierazi nahi dugu jaurlaritzak ez zekiela nola aurre egin desobedientzian eta biolentzia ezean oinarriturik garai hartan ugaritzen ari ziren dinamika herritarrei, eta, bereziki, Aske Guneei eta herri harresiei. Azken urteetan izan ziren borroka molde horietan oinarritutako ekimenen aurkako operazioetan, Donostian, Ondarroan, Gasteizen edota Loiolan, Ertzaintzaren irudia oso kaltetuta geratu zen, Katalunian Polizia Nazionalarena eta Guardia Zibilarena bezala, biolentzia bakarra beraiena dela argi eta garbi geratzen baita jendartearen aurrean. Benetan salagarria iruditzen zaigu EAJ-Jaurlaritzak "Loiolakoekin" izan duen jarrera mendekatzaile eta zikina.

Desobedientzia ez-biolentoaren aurkako benetako mendekua izan da Loiolako sententzia, baina alferrikakoa, eskubide zibil eta politikoen defentsan, desobedientziari eutsiko baitiogu etorkizunean ere.

Horren aurrean, beldurra galdu eta neurri horien aurka borrokatzera animatu nahi dugu euskal jendartea. Esan beharrik ez dago, Eleak-Libre mugimenduak laguntza eta babesa emango diela horrelako egoeran dauden herritar guztiei, eskubide zibilen eta politikoen aurkako edozein erasok neurriko erantzuna behar duelako, zein nahi delarik errepresioa eta bortxaketa bideratu duen polizia, erakunde edota entitate mota.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa