Albiste harrigarriak

Erabiltzailearen aurpegia \N 2012ko mai. 13a, 22:30
Albiste harrigarriak \ \ Lehengo asteburuan entzun nuen Faktoria saioan, informazioan nahi gabe egindako akatsen bilketa bat-edo ari ziren botatzen. Horietako batean Euskalmeteko berriemailea aurtengo neguan eguraldi iragarpena egiterakoan esaten, “asteburuan zortzirehuen mila metrotik gora egingo du elurra”. Berria eman zuenak agian idatzia izango zuen 800, 1.000 metrotik gora. Baina esaterakoan zortzirehuen mila esan zuen inolako etenik gabe. Esan zezakeen 800 metro, 1.000 metro, zein 800 eta mila metro artean, baina ez, hitzak aurreztu behar horretan, “zortzirehuen mila” esan zuen. Entzulea harrituta uzten du halakoak, ez baitzekien ordura arte hain mendi garairik zegoenik hemen inguruan. \ Antzeko zerbait gertatzen da futboleko emaitzak ematen direnean ere. Gero eta sarriago entzuten baita bi bat (2-1), hiru bat (3-1), eta halakoak, askoz garbiago denean bi eta bat, hiru eta bat esatea. Euskaraz “hiru bat” edo “bi bat” esaten bada, hiru inguru edo bi inguru ari da esaten asmoa hori ez bada ere. \ Tabernetan ere, adibidez 10,50 € baldin bada kontua, denek diote hamar berrogeita hamar. Nik noiz edo noiz esan ere egin izan diot bakarren bati: Zertan gera hamar edo berrogeita hamar? Baina ez du broma ulertu ere egiten, eta presaka ibili ohi da gainera horrelakoak ulertzeko, beraz broma gutxi. Hainbeste neke ote da “eta” edo “ta” bat sartzea. Hainbeste alfertu ote gara ba, ala ezkutuko erdarak pisatzen du gero eta gehiago?