Bihar jokatuko da I. Mantangorri Txirrindularitza Saria

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2015ko eka. 12a, 11:46

I. Mantangorri Saria jokatuko da bihar, zapatua, 16:00etan hasita. Lehenengo alebinek hartuko dute parte eta ondoren infantilen txanda izango da. Ordubete inguruan bukatuko da proba.

Lagun Onak txirrindulari elkarteak lanean jarraitzen du txirrindularitzaren oinarriekin eta aurreko asteburuan Txirrindularitza Eguna 2015 ospatu ostean, asteburu honetan Sanjuandegiko Festen barruan, I. Mantangorri Sariarekin emango diogu jarraipena lanari.

Ibilbideari dagokionez, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazatik abiatu eta ibai aldera irtengo dira txirrindulariak. Handik Ingurugiro Etxera iritsi aurretik dagoen tuneltxoa pasatu eta atzeko bidera sartuko dira. Atzeko bidetik, aldapatik behera, Salbe auzuneari buelta emango diete txirrindulariek plazara itzuli aurretik. 1,2 kilometroko ibilbide horri bost itzuli inguru eman beharko dizkiote 16:00etan abiatuko diren alebin mailako txirrindulariek. Infantilei dagokionez, berriz, 16:30ak aldera abiatuko dira eta horiek 10 itzuli inguru bete beharko dituzte. 17:00etarako dena amaituta egotea espero da.

Ibilbidean zehar errepidea mozteko eta ziurtatzeko, boluntarioak egongo dira txiribituekin eta banderinekin. Hala ere, laguntza oro eskertzen denez, boluntario gisa laguntzera etortzeko dei egiten diegu animatzen diren herritar guztiei. 14:45ak eta 15:00ak artean, Sanjuandegiko plazara agertzea nahikoa izango da argibideak jasotzeko.

Azkenik, Lagun Onak txirrindulari elkarteak mesede bat eskatu nahi die Sanjuandegiko bizilagunei: errepidea moztuta egongo denez, lasterketak bere horretan joan daitezen eta ezbeharrik izan ez dezagun, kotxeak ordu batez geldirik edukitzea.

Barkatu eragozpenak eta mila esker.