Ikaragarria, Unai!

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Txirrindulari Elkartea 2015ko mai. 13a, 18:27
Unai Orbea besoak altxatuta, Segurako helmugara iristen.

Lagun Onak Txirrindulari Elkartearen garai onak ez du etenik. Aurreko astean Gipuzkoa Klasikan lorturiko bigarren postuak behar zuen konfiantza eman dio Unai Orbea azpeitiarrari eta denboraldi hasieratik bila zebilen eta merezi zuen garaipena iritsi zaio Seguran. Oier Ibarguren hirugarrena izan zen lasterketa berean.

Igande goizeko hamar eta erdietan hasi zen jubenilen proba Seguran. Zegamara bi itzuli, eta ondoren Liernitik barrena hiru itzuli egin behar izan zituzten txirrindulariek. Lierni azpira arte lasterketa azkar joan bazen, hortik aurrera, guztia txikituta, are eta gehiago gogortu zen proba. Ihesaldia, kontraerasoa, kontraerasoaren kontraerasoa... eta guztietan Lagun Onak present. Pelotoia hiru zatitan egin zen, eta lehen taldean Orbea, Ibarguren eta Horrillo sartu genituen. Saiatu ziren Lierniko azken igoera baino lehen ihes egiten baina, ezinaren aurrean, portuaren gogortasunaren esperantzarekin jokatu zuten. Hortxe gailendu zen Unai besteen aurrean, bakarrik helmugaratzea lortuz eta garaipen ederra erdietsiz. Bigarren Alvaro Cotillas (Toyota) izan zen eta podiuma Oier Ibarguren azpeitiarrak osatu zuen. Taldeka ere garaipena Azpeitira ekarri zuten Lagun Onakeko txirrindulariek, Horrillo 12. sailkatu baitzen.

Larunbat arratsaldean Beran izan ziren jubenilak, Euskal Herria Garaikurreko hirugarren proba puntuagarria jokatzeko. Zirkuitu batean ibili ziren hasieran, eta 15 kilometroren faltan Piedadeko gaina zeukaten zai. Lasterketa bizkor joan zen mendatera arte, ihesaldirik gabe eta kontrol handiarekin. Horrela, Piedadek erabaki zuen lasterketa; hogei bat txirrindulariren artean jokatu zuten garaipena. Sprint estu batean, Jokin Aranburu (Zarauztarra) izan zen garailea, pedaleatzeari utzi zion Iñigo Elosegiren (Autonervion) eta Jokin Alberdiren (Andoaingo) aurretik. Unai Orbea 5. izan zen kasu honetan. Andoaingokoak Euskal Herria Garaikurreko lehen postuari eusten dio azken proba horren ondoren.

Kadeteak

Igande arratsaldean kadeteen txanda izan zen, Zestoan hain zuzen ere. Zestoatik pasatuta, hiru Zakila Bira egin behar izan zituzten txirrindulariek, 56 kilometroko ibilbidea osatzeko. 66 parte-hartzailek ekin zioten probari. Saiakera asko tarteko, Leon azpeitiarrarena aipatu beharko; izan ere, bigarren itzuli osoa bakarlanean aritu zen Lagun Onakekoa, pelotoiaren aurretik. Pelotoitik geratzen zen taldetxoa indartsu agertu zen, Leon irentsi eta Zestoako azken igoeratxoan jokatu zuten guztia. Iribarrek (Limousin), azkenaldian bezala, nahi bezala jolastu eta lasterketa aise irabazi zuen. Podiuma Carbayedak (Bazpi) eta Sarasolak (DonostiBerri) osatu zuten. Lagun Onakeko lehena Luka Aldalur izan zen, 15. postuan, denboraldi honetan amaitu duen lehen lasterketan.