Lagun Onak 1-0 Reala C: atzean sendo eta aurrean zorrotz

Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onakeko gizonen taldeak 1 eta 0 irabazi zuen Reala Cren aurkako partida, Elosegik bere atean sartutako golari esker. Giro bikaina eta partida ikusgarria uztartu ziren igande arratsaldean Garmendipe futbol zelaian. Zaleek ez zuten hutsik egin, ezta jokalariek ere. Jende ugari bertaratu zen, eta jarraitzaileen hauspoa bidelagun, merezitako garaipena eskuratu zuen gure taldeak.\ \ Ondo ikasita eta landuta zuten Lagun Onakeko mutilek neurketa, eta hasierako minutuetatik nabaritu zen hori. Intentsitate handiarekin irten ziren bi taldeak zelaira, eta partida osoan erritmoa mantentzea lortu zuten. Lagun Onak ondo kokatuta zegoen, eta joko azkarraz baliatu zen min egiteko. Zelai erdian nagusitu egin ziren etxekoak, eta Realari sufritzea egokitu zitzaion. Lehen zatian, gure taldeak hiru zutoinen artean jaurtiketa garbirik egin ez zuen arren, arrisku sentsazioa ematea lortu zuen, eta kanpokoen atzeko lerroa nahiz atezaina uneoro adi egotera behartu zituen. Realak erasoaldi bakan batzuk egin zituen, baina Martin atezainak apenas izan zuen lanik. Hutsean amaitu zen lehen zatia.\ \ Bigarren zatian, rol berarekin jarraitu zuten bi taldeek. Lehen aukera garbia izan zuena, ordea, Reala izan zen, 51. minutuan; Olasagastik area kanpotik egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman zion Martinek, baloia kornerrera urrunduz. 63. minutuan iritsi zen partidako gol bakarra; ezker hegaletik egindako erdiraketa bat urruntzeko saiakeran, bere atean sartu zuen baloia Elosegik. Berdinketaren bila joan zen Reala, baina ondo itxi zituzten bide guztiak Aitor Zubizarretaren mutilek, eta etxean gelditu zen garaipena.\ \ Puntuak batuz, gora begiratzen hasia da gure taldea. Datorren larunbatean, Gasteizen, Alavesen aurka neurtuko ditu indarrak Azpeitiko taldeak. Konfiantza osoz egingo diote aurre beste partida zail bati.\ \ Bestalde, aipatzekoa da azpeitiarrak zirela igandeko neurketarako Realak deitutako bi atezainak, Lagun Onakeko jokalari ohiak: Iker Bastida eta Unai Marrero. Bastida, gainera, kapitaina izan zen.