Nagusitasuna bai, baina garaipenik ez

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko api. 16a, 16:08

Bermeo hartu zuen Garmendipen Lagun Onakek zapatu arratsaldean. Sailkapenean egoera oso desberdinean dauden bi talde garaipenaren bila. Bermeok jaitsiera postuetatik aldentzeko presio hori zuen alde, edo kontra. Lagun Onakek, aldiz, ez du presio berezirik, eroso baitaude sailkapenaren erdi aldean. Gorago nahi, baina datorren denboraldian beharko du. Nolanahi ere, San Miguelen mutilen garaipen gosea ez da asetzen eta denboraldi amaiera bitartean gogor egingo dute lan ahal den puntu gehiena poltsikoratzeko.

  • Lagun Onak: Lopetegi, Elustondo, Cayetano, Olasagasti, Castillo (Leunda, 54.min), Ander, Landa, Gorka, Alberdi (Tena, 54.min), Ximon eta Arufe.
  • Bermeo: Erleaga, Carlos, Andoni, Borja, Ispizu, Basaldua (Ivon Díez, 51.min), Azcuenaga, Rementeria, Zulueta (Aimar Cid, 73.min), Corta eta Mario (Altamira, 80.min).
  • Golak: 0-1, Mario (16.min); 0-2, Zulueta (35.min); 1-2, Landa (58.min); 2-2, Landa (66.min).
  • Epailea: Mosqueda. Lagun Onakeko Elustondok, Tenak eta Gorkak txartel horia ikusi zuten; Bermeoko Mario eta Ivon Diezek ere bai.

Ezustekoarekin hasi zen partida, Unai Alberdi azpeitiar jubenila hamaikakoan baitzen. Gainera, berea izango zen partidako lehen abagune garbia. Honen areaz kanpoko jaurtiketa gutxigatik joan zen gora. Gola ospatzen hasi zen zalerik ere izan zen, baina erremate loratua langa gainetik kanpora. Partidan ondo sartu ziren, beraz, azpeitiarrak. Lasaitasunak gutxi iraungo zuen ordea. Ordu laurden eskas pasea zela, epaileak penaltia adierazi zuen Lagun Onaken arean. Ez zen kexarik izan jokalarien partetik. Mariok hartu zuen ardura eta Lopetegi gainditu zuen, erdira eginiko jaurtiketarekin. Partidaren gidoia ez zen gehiegirik aldatu handik aurrera, Lagunek erasoan jarraitu baitzuen. Olasagasti izan zen abisatzen aurrena, burukada batekin. Jarraian, berriz, Gorkaren jaurtiketa langak desbideratu zuen. Lagunen minuturik onenak ziren horiek, baina bizkaitarrek izandako aukera bakan batean egin zuten bigarrena. Zuluetaren burukada barrura. Eraginkortasun handia erakutsi zuen Bermeok izandako hurbilketak ondo baino hobeto aprobetxatuta. Aldageletara 0 eta 2 beraz.

Bigarren zatian ere Lagunek kontrolpean izan zuen partida eta denbora kontua izango zen aukerak sortzea. Izandako lehena aprobetxatu zuten bigarren zatian azpeitiarrek. Landak gol bikaina egin zuen falta jaurtiketan. Gol ederra benetan. Eta handik gutxira egingo zuen Landak berak bigarrena ere. Cayetanoren pasea baliatu zuen azpeitiarrak gola egiteko. Lesioekin ez du zorterik izan Landak aurtengoan, baina bistan da goleatzaile petoa dela. Gutxi behar du gola egiteko. Handik aurrera, ez zuten lan handiegirik izan bi taldeetako atezainek. Bultzaka jarraitu zuen Lagun Onakek baina ez zen posible izan garaipena lortzea.

Azken boladan asko ari da kostatzen puntuak hirunaka lortzea baina partida nola hasi zen ikusita balekotzat hartu beharko da puntu hau. Datorren asteburuan sailkapenean azken postuan den Aurrera Vitoriaren zelaia bisitatuko du Lagun Onakek.